Bost urteko etenaren ostean Zubizar Fest ospatuko dute uztailaren 24an

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 16a, 09:00

Zubizar Fest jaialdiko antolatzaileak eta musikariak, Zubizar aurrean. (Utzitakoa)

Azpeitiko lau musika talde ariko dira zuzenean Santio bezperan, 19:00etan hasita: BOL, Jipoituak, Labankada eta Z.Z Punk. 

Bost urteko etenaren ostean, bueltan da Zubizar Fest. Zubizarreko musika taldeek eta musikazaleek antolatutako jaia da Zubizar Fest, eta Santio bezperan, uztailaren 24an, ospatu izan ohi da. 2019an egin zuten jaialdia azkenekoz, eta jaialdia berreskuratzea erabaki dute aurten. Hori dela eta, punk eta Oi! doinuak izango dira protagonistak hilaren 24an, Zubizarren. 

Azken edizioaren antzeko egitaraua prestatu dute aurtengorako, baina azken aldi hartan ez bezala, aurtengoan talde guztiak Azpeitikoak izango dira. Hain zuzen, oholtzara igoko dira  BOL Baserriko Ollaxkue Labien, Jipoituak, Labankada eta Z.Z Punk musika taldeak. Emanaldiak 19:00etan hasiko dira, eta doakoak izango dira. 

Herriko taldeak, oholtzara

Azpeitiko taldeei plaza emateko hautua egin dute aurtengo edizioan, eta belaunaldi desberdinetako musikariak elkartuko dituzte oholtza bakarrean; izan ere, doinu berriak ez ezik, 2000ko hamarkada hasieran Azpeitian izan zen punk zein Oi! doinuak entzuteko aukera izango da. 

BOL taldeak abesti berriak eskainiko ditu. Antolatzaileek azaldu dutenez, "2013az geroztik Baserriko Ollaxkue Labien izenpean bi disko argitaratu eta taldekide aldaketaren bat egin ostean, BOL izen laburtuarekin eskainiko dute kontzertua haien sorterrian, lau urteren ostean. Duela gutxi grabatutako abesti berriak zein bertsioren batzuk joko dituzte".

Jipoituak 2023an sortutako taldea da, eta streetpunk doinuak eramango ditu oholtzara. Duela gutxi kaleratu duten eta sarean entzungai dagoen maketako abestiak eskainiko dituzte, besteak beste.

Labankada taldea ere 2023an sortu zen. Hainbat izan dira Jipoituakek eta Labankadakek elkarrekin eman dituzten zuzenekoak, eta oraingoan ere oholtza elkarbanatuko dute. Labankadako gazteek punk eta Oi! doinuak eramango dituzte uztailaren 24ko jaialdira.

Z.Z. Punk taldea aurrenekoz ariko da jendaurrean. Paso De Ti, Sin Oficio Ni Beneficio, Urola Terror, BOL edo Arroite taldeetan ibilitako lagunak batu ostean, 2000ko hamarkada hasieran herrian izan zen punk zein Oi! musikari omenaldi bat egin asmoz agertuko dira aurrenekoz zuzeneko emanaldian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide