Maykel del Ciden omenezko Klasikoen XXI. Azpeitia Hiria Rallya jokatuko dute larunbatean, Lagun Artea eskuderiak antolatuta. 11:00etan irtengo dute parte hartzaileek Azpeitiko Epaitegiaren plazatik. Parte hartuko duten autoak 09:00etatik aurrera egongo dira Epaitegiaren plazan.
Atzo, asteazkena, iluntzean bukatu zen rallyan izena emateko epea, eta 86 gidarik eman dute izena.
Azpeitian izango du irteera eta helmuga klasikoen rallyak; aurtengoak 240 kilometroko ibilbidea izango du, eta horietatik 190 kilometro erregulartasun tartekoak izango dira. Erlojupeko lau zati egin ondoren, Legazpiko (Gipuzkoa) Atxuri jatetxean geldituko dira pilotuak eta kopilotuak bazkaltzeko.
Bazkalostean, erlojupeko beste bi zati egingo dituzte auto gidariek eta kopilotuek, eta Zarautzen geldituko dira Malekoian, Dama eskulturaren parean. Haiek atseden hartu bitartean, autoak malekoian jarriko dituzte erakusgai tarte batean; 18:00 aldera izango da hori. Gero, rallyaren helmugarako bidean, ibilbidearen bide zatirik luzeena egin beharko dute parte hartzaileek; 33,5 kilometrokoa. Rallyaren antolatzaileek 20:00etarako dute aurreikusita rallyaren bukaera ordua.