Askotariko ekintzak, Azpeitiko Gaztetxearen 19. urtemugarako

Maialen Etxaniz 2024ko uzt. 19a, 09:13

Iazko baltsa jaitsieraren une bat. (Unax LarraƱaga)

Gaur futbito txapelketaren finalak izango dira, 20:00etan hasita, herriko plazan. Bihar, berriz, baltsa jaitsierarekin hasiko dute  urtemugaren ospakizun eguna.

Hurrengo urtekoa urtemuga borobila izango da Azpeitiko Gaztetxearentzat, baina aurtengoa ospatzeko ere hartuko dute tartea asteburu honetan; izan ere, 19 urte bete ditu aurten Urola kalean dagoen gaztetxeak. Hori dela eta, eta urteroko ohiturei jarraituz, urtemuga jaia egingo dute gaur, ostirala, eta bihar, zapatua.

Gaur arratsaldean ekingo diete urtemugaren bueltan antolatutako ekintzei, futbito txapelketaren finalekin. Txakoli Fuola eta Intzak Lo Ta Jangok Me taldeek neurtuko dituzte indarrak Ligako final handian. Kopako finala, berriz, Trikue eta Gaztiek 2 taldeek jokatuko dute. 20:00etan hasiko da Kopako finala plazan, eta 21:00etan Ligakoa. Aurtengoan, gaztetxeen eta langile kontrolpeko espazioen alde jokatu dute futbito txapelketa, eta gaztetxekoek jakinarazi dutenez, gaurko finaletan gogoan izango dute Zestoako Gaztetxea. Partidek iraun bitartean, parrillada egingo dute plazan.

Baltsak eta festa

Bihar izango da ospakizuneko egun nagusia. Goizean, 11:00 aldera hasita, baltsen erakusketa egingo dute plazan, baita hamaiketakoa ere. Ondoren, 12:00etan, suziria botako dute, baltsa jaitsierari ekiteko. Urtero bezala, Azoka Plazaren atzeko aldetik hasiko da lasterketa. Aurten, Azpeitiko estereotipoak gaia jarri dute gaztetxekoek baltsak egiteko, eta bihar ikusi ahal izango da gazteek zer-nolako irudimena jarri dioten baltsen sorkuntzari. Ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute, eta amaitzean banatuko dituzte futbito txapelketako sariak, 16:00 aldera. Jarraian, karropoteoa egingo dute Alde Zaharretik, eta eguna borobiltzeko, kontzertuak eskainiko dituzte Igitaia eta Bake Faltsua musika taldeek, 22:00etatik aurrera.

Bazkaritarako ia txartel guztiak agortu direla jakinarazi dute gaztetxekoek, baina zuzenekoetarako batzuk badaude oraindik.

'Hemen da' abestia

Duela sei urte ingurutik abestiak kaleratzen dituzte Azpeitiko Gaztetxeko kideek urteurrenen atarian. Aurten ere egin dute abestia, Hemendik At taldearen Orain da kantuaren bertsioa: Hemen da. Abestiarekin bideoklipa ere kaleratu zuten, gaztetxean zein Olazko konbentuaren atarian grabatutakoa. Kanta horrek ez du hutsik egingo asteburuko ospakizunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide