Duchenne FM elkarteak antolatuta, DA Duchenne Azpeitia udalekuak egingo dituzte Loiolako aterpetxean abuztuaren 9tik 15era. Duchenne giharretako distrofia pairatzen duten hamabost umek eta beren familiek egingo dute astebeteko egonaldia Azpeitian. Hainbat ekintzarekin osatuko dituzte udalekuak, baina bereziena abuztuaren 11n egingo dutena da.
Egun horretan, Xoxotera igoko dira Da Duchenne Azpeitia udalekuetakoak. Land rover edo 4x4 erako ibilgailuetan ahalik eta gorenera igoko dituzte, baina ibilgailuetatik Xoxoteko aterpetxerako bidea gurpildun aulki berezi batzuetan egingo dute udalekuetako hamabost umeek, eta aulki horiek eramateko laguntza beharko dute; San Inazioren estatuara joateko asmoa ere badute. Hori dela eta, boluntarioak inguratzeko deialdia egin dute. Haur bakoitzari laguntzeko hiruzpalau lagun beharko dituztela kalkulatu dute; beraz, 45 eta 60 artean dago beharko duten boluntario kopurua. Laguntzeko prest daudenek 635 72 90 99 zenbakira izen-abizenak emanez Whatsapp mezua idatzi besterik ez dute egin behar.
Elkarlana eta festa
Yosu Vazquez (Senderos Accesibles) da Duchenne gaitza duten umeak Xoxotera eramateko ekimenaren sustatzailea. Aniztasun funtzionala duten pertsonei mendiaz eta naturaz gozatzeko aukerak ematen egiten du lan Vazquezek. Kasu honetan, berak antolatu du irteera, musu-truk jarriko ditu Xoxoten beharko dituzten aulki bereziak, baina hainbat elkarterekin elkarlanean ariko da Vazquez: Espainiako Arrastrasillas elkartea eta Pandetrave kluba, Kataluniako Montes Solidarios elkartea, Amurrioko Ezina Ekinez Egina elkartea (Araba), Azeri Natura Guztiontzat (Bizkaia), eta etxekoak, Marea Urdina, dira egitasmoan parte hartuko dutenak.
Goizean Xoxoten ibili ondoren, Izarraizko Atea parkera jaitsiko dira handik abuztuaren 11ko irteeran parte hartzen dutenek. Parkean bazkalduko dute, bakoitzak etxetik bere jatekoa eramanda, eta 18:00etan David de Llerak emango duen kontzertuarekin borobilduko dute jardunaldia, Izarraizko Atean bertan