Sagardo txapelketaren 50. aldia egingo dute datorren ostegunean Azpeitian, eta hori aintzat hartuta, sagardo dastaketa edota kata bat egin zuten atzo, Azoka Plazan. Guztira, 50 bat lagunek parte hartu zuten dastaketan, eta denak ere sagardo zapore onarekin atera ziren handik ordu eta erdi inguruko saioaz gozatuta.
Egun ekoizten diren askotariko bederatzi sagardo dastatzeko eta Elikagunean egindako zazpi pintxo jateko aukera izan zuten herritarrek. Bederatzi sagardo desberdin aurkeztu zituzten, batzuk, ohikoagoak edo tradizionalagoak, botilakoak, eta beste batzuk, latatik edo likore botilatik zerbitzatutakoak. Hain zuzen, Azpeitiko Sagardoaren Lagunak elkarteko kideak aritu ziren mahairik mahai sagardoa eta pintxoak herritarrei banatzen.
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaile Olatz Mitxelena eta Telmo Iruretagoiena sommelierra "gustura" gertu ziren atzo, behin dastaketa amaituta. "Askotan gertatzen da horren sagardo zalea den herrian sagardoa sagardo bezala ulertzen dela, produktu bat eta bakarra. Dena den, ikusi dugu gaitasun askoz handiagoa dugula sektoreak egiten dituen beste hainbat gauza preziatu ahal izateko; horrelakoetan ondo ulertu daiteke produktu bakoitzaren potentzialitatea", azaldu zuen Mitxelena koordinatzaileak. Halaber, koordinatzaileak adierazi zuen jendeak uste duela sagardoak ez duela sorpresarako aukera gehiago ematen, baina atzo erakutsi zutela baietz, baduela gaitasuna. "Ez dugu uste sagardoak oraindik sorpresaz beteko gaituenik, baina gaur jendeak esan digunagatik, bai; ikusi dute edari honek baduela beste ibilbide bat".
Iruretagoiena sommelierrak, bestalde, saioaren bideratzaile lana egin zuen; sagardo bakoitzaren usaina, kolorea eta ahoan uzten duen zaporea izan zituen hizpide zarauztarrak banan bana. "Sagardo tradizionaletik hasita, gaur egun egiten diren gauza bereziak probatzeko aukera izan dugu katan, hala nola hiru sagardo tradizional, sagardo ekologiko bat, lursaileko sagardo bat, Premium sagardo bat, lupuludun sagardo bat, barietate bakarreko sagardo bat eta izotzezko sagardo bat". Iruretagoienak adierazi zuen "batzuetan zaila" izaten dela betidanik sagardoa edan izan duenari "eskemak aldatzea", baina atzo "aurreneko pausoa" eman zutela.