XXI. mendeko Cannibal-a da, Eddy Merckxen oinordeko; asekaitza da, irabazle petoa, eta ez dauka itzal egingo dion aurkaririk. Nahieran ari da, eta Isolan gora hamaikagarrenez erakutsi du denboraldi honetan: aurkari guztiak txiki, ezgauza uzteko gai da, eta kontrarioek haren erasoei erantzuteko fede oro itzaltzen du. Isolan gora hanka batekin utzi ditu atzean kide guztiak, zortzi kilometrora, eta hutsaren hurrengo utzi. Eman dituen zenbakiak ikusgarriak dira, igoerako errekorra askogatik egiteaz gain (lau minutu). Lau minutu kendu dizkie Jorgenson, Carapaz eta Adam Yates bezalako itzuli handietako garaileei. Bi minutu UAEko morroien laguntzari esker, beste bi berak erasoa jo ondotik. Podiumean lagun izango dituen Vingegaard eta Evenepoel ere bi minutura atzeratu ditu. Tour honetako onena da, denboraldiko onena da, eta maila hori mantentzen badu, nekez hurbilduko zaio inor bere albora luze. Gaurko etapa garaipenarekion hamabost lortu ditu dagoeneko Tourrean.
Visma izan da etapako beste protagonista. Ihesaldian, etapa hasi eta berehala, Jorgenson, Keldermann eta Laporte sartu ditu, eta zuloa egin dute. UAE, baina, ez da urduritu, eta taldea batzea lehenetsi du. Hiru minutuko zuloa egin du ihesaldiak, eta horrek mundu guztia Bonetten Vingegaarden erasoa etorriko zela pentsarazi du, baina ez da hala izan. Danimarkarrak ez du mugimendurik txikiena ere egin, eta garbi geratu da etapa garaipena bilatzeko erasoa izan dela Visma taldearena. Gutxigatik egin dute kale, bai, baina txikira jokatu dutela esatea sobera ez. Vingegaardek Pogacarren nagusitasuna onartu eta bigarren postua babestea erabaki du. Normala izango da, agian, baina pasa den igandean ere bazekiten Pogacarrek egurra emango ziela. Orduan saiatu ziren, gaur iraun. Bakoitzak bere taktikak erabiltzen ditu, eta haiek errespetatu beste erremediorik ez dugu.
Remco Evenepoel bera Vingegaard adina gatzekin iritsi da Tour bukaerara, eta danimarkarra askatzen saiatu da Isola 2000 mendatean. Ez du lortu, baina Vingegaard bete-bete eginda iritsi da helmugara, eta bihar eta etzi sufritzekotan izango dela dirudi, pit bull belgikarraren aurka. Landak ondo eutsi dio bosgarren postuari, eta zaila izango du hortik gora egitea, Almeida askoz hobea baita erlojupekoan.
Bihar azkenaurreko etapa jokatuko da, gaurkoa bezala oso gogorra. Nizan hasi eta Col de la Couillolle mendatearen artean, 132 kilometro baino ez, baina 4.600 metroko desnibel metatua. Bigarren mailako mendate bat, eta lehen mailako hiru, eguneko azken hirurak. Hirurak serioak, batez ere Turini eta helmugakoa. Jendea justu doa, eta txakalaldi ugari ikusiko ditugu berriro. Edozein jausi daiteke amildegian, ziklista bat izan ezik: Tadej Pogacar, Pogannibal!