Hasi dute Azpeitiko auto klasikoen 21. rallya

Nerea Uranga 2024ko uzt. 20a, 13:30

Goizeko hamaiketan abiatu dira Azpeitiko Epaitegiaren plazatik parte hartzen ari diren 86 autoak. Arratsaldeko seiak aldera Zarautzen geldialdia egingo dute, eta zortzirak alderako Azpeitian helmugan izatea aurreikusita dute.

Maykel del Ciden omenezko Klasikoen XXI. Azpeitia Hiria Rallya jokatzen ari dira gaur, Lagun Artea eskuderiak antolatuta. Parte hartzaileek 11:00etan irten dute Azpeitiko Epaitegiaren plazatik. Aurtengoan 86 auto ari dira parte hartzen, eta ibilbideari ekin aurretik irteera puntuan izan dituzte autoak erakusgai.

Gaurkoan 240 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, eta horietatik 190 kilometro erregulartasun tartekoak. Arratsaldean, 18:00 aldera, rallyko auto denak Zarautzen geldituko dira Malekoian, Dama eskulturaren parean. Haiek atseden hartu bitartean, autoak malekoian jarriko dituzte erakusgai tarte batean. Ondoren, rallyaren helmugarako bidean, bide zatirik luzeena egin beharko dute autoek; 33,5 kilometrokoa. Rallyaren antolatzaileek 20:00etarako dute aurreikusita rallyaren bukaera ordua Azpeitiko Epaitegiaren plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide