Jose Luis Etxabek eta Angel Martinez de Lizarrondok irabazi dute Klasikoen Azpeitiko 21. Rallya

Nerea Uranga 2024ko uzt. 21a, 09:56

Maykel del Ciden omenezko auto klasikoen rallyan 79 autok parte hartu dute, eta 240 kilometroko ibilbidea egin behar izan dute parte hartzaileek.

Maykel del Ciden omenezko Klasikoen XXI. Azpeitia Hiria Rallya jokatu zuten atzo, Lagun Artea eskuderiak antolatuta. 79 autok parte hartu zuten atzokoan, eta irabazleak Jose Luis Etxabe eta Angel Martinez de Lizarrondo (Porsche 944 S2, 1989) izan ziren. Haien atzetik bigarren Imanol Zengotitak eta Joseba Rodriguezek egin zuten (Peugeot 205 GTX, 1986), eta podiuma German Gonzalezek eta Maria Fernandezek (Honda Civic 1.6ESi, 1993) osatu zuten.

Emakumeetan aurrenekoak Maria Aranbarri eta Maite Lekuona (BMW E36, 1994) izan ziren. 1970eko hamarkadako autoekin irtendakoen artean saria Jose Antonio Aranetak eta Iñaki Orbegozok (Porsche 91 1T, 1970) jaso zuten; 80eko hamarkadakoena Txema Forondak eta Pilar Rodasek (BMW 325ix, 1988); eta 90eko hamarkadakoena David Carrerok eta Jorge del Cidek (Peugeot 309 GTI 16V, 1990). Taldeen saria, berriz, CAS taldeak jaso zuen.

Atzokoan 240 kilometroko ibilbidea egin behar zuten parte hartzaileek, eta horietatik 190 kilometro erregulartasun tartekoak izan ziren. Aurreko aldietan ez bezala, atzo 18:00 aldera, rallyko auto denak Zarauzko malekoian geldialdia egin zuten, eta ikusmina sortu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide