Lau Arroa harri jasotze txapelketaren finala jokatuko du Olaia Esnaolak datorren abuztuaren 10ean, Aian. Atzo, Aiako Santio Errekako jaien barruan jokatu zuten txapelketaren kanporaketa: hamabi harri jasotzaile zeuden iragarrita, baina azkenean hamar lehiatu ziren; finalerako lau txartel zituzten jokoan, eta laugarrena bereganatu zuen azpeitiarrak. Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa izango dira Esnaolaren lehiakideak finalean. Goizeder Abendibar, Garazi Ansa, Naroa Arruti, Elene Ostolaza, Udane Ostolaza eta Aida Ugalde izan ziren atzoko kanporaketan parte hartu zuten beste sei harri jasotzaileak.
Zumetak erraz irabazi zuen atzo. 50 kiloko hiru harrietan gailendu zen zarauztarra: 30 altxaldi eman zizkion zilindroari, 21 kubikoari eta 32 bolari. Gesalaga geratu zen bigarren postuan; guztira, 3.800 kg altxatu zituen hark, 30 aldiz zilindroa, 20 bider kubikoa eta 26 bola sorbalda gainera eramanda. Hirugarren eta laugarren postuetan, berriz, berdinketa izan zen. Esnaolak zein Osak 3.650 kg jaso zituzten guztira: zilindroa 27 aldiz jaso zuen zarauztarrak, 18 aldiz kubikoa eta 28 bider bola; azpeitiarrak, berriz, 30 bider jaso zuen zilindroa, 20 bider kubikoa eta 23 aldiz bola. Bien arteko berdinketa desegiteko, epaimahaiak harri jasotzaile bakoitzaren pisua hartu zuen kontuan. Horregatik, Osari egokitu zitzaion hirugarren postua, eta Esnaolari laugarrena.