Atzo arratsaldean Mendaroko Goñati pilotalekuan neurtu zituzten indarrak Gipuzkoako sei aizkolari onenek, lehen mailako txapelketaren finalean. Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi 'Txikia IV.a' azkoitiarra, Eñeko Otaño beizamarra, Xabier Zaldua zumarragarra, Ugaitz Mugerza mutrikuarra eta Suharri Rodriguez hernaniarra aritu ziren buruz buru, harmailetatik 500 bat begira zituztela, eta une batzuetan Txikia estutzea ere lortu zuen arren, azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Larrañagak.
Hitzordua 18:00etarako zuten jarria Mendaroko frontoian, eta aizkolari bakoitzak hamabi enbor ebakitzeko lana zuen aurretik: lau kana erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Txikiak 31 minutu eta 35 segundoan bukatu zituen lanak, bigarren gelditu zen Larrañagari minutua pasatxo aterata (32:37). Hirugarren Otañok egin zuen (34:43 ), laugarren Zalduak (36:29), bosgarren Mugerzak (38:01), eta Rodriguez, berriz, lehiatik erretiratu egin zen.
(Argazkiak: Ibon Errazu)