Azpeitiko zezen plazak eta saninazioetako zezenketek hitzordu berezi bat uzten dute urtero: desenkajonamendua. Ikusmina pizten duen hitzordua izan ohi da, eta atzo ere horrela izan zen. Aurten, 18:30ean hasita eta larunbatez egin zuten 2024ko zezenketetan toreatuko dituzten zezenen aurkezpena, plazan jende asko zegoela. Hain zuzen, Ana Romero, Loreto Charro eta Murteira Grave ganadutegietako zezenak izan ziren atzoko protagonistak. Gainera, hitzorduak utzi zuen bitxikeriarik, eta ohi baino zertxobait gehiago luzatu zen. Ordu eta erdi iraun zuen saioak. Musika bandaren pasodoble doinuek girotu zuten zezen plaza, zezenen seiko taldeak aurkeztu bitartean.
Aurrena, Loreto Charro (Salamanca) ganadutegiko zezenak atera zituzten kamioietako kaxoietatik. Morante de la Pueblak, Daniel Luquek eta Juan Ortegak uztailaren 31n, asteazkenean, toreatuko dituzten zezenak dira horiek. Dotore eta apal atera ziren plazara, elkar gehiegi astoratu gabe. 2019an eta 2020an jaiotako zezenak dira Loreto Charrokoak, eta gehienak beltzak dira.
Ondoren, Ana Romero (Cadiz) ganadutegikoen txanda izan zen. Horiek biziago atera ziren kaxoietatik, eta sustoren bat edo beste ere izan zen, zezenek berezkoa duten suhartasuna tarteko. Abuztuaren 1eko zezenketan ariko dira Ana Romero ganadutegiko zezenak, Diego Urdiales, Daniel Luque eta Borja Jimenez toreatzaileekin. Ana Romerorenak ere 2019-2020 urtean jaiotakoak dira, nagusiki kardeno itxurakoak.
Azken seikotearen desenkajonamenduak utzi zuen arratsaldeko anekdota. Murteira Graveko (Portugal) zezenak izan ziren erakutsi zituzten azkenak, abuztuaren 2an, ostiralez, Clementek, Jesus Enrique Colombok eta Jorge Martinezek toreatuko dituztenak. 2019-2020 urtean jaiotakoak, nagusiki kolore beltzeko taldea da Portugaldik iritsitakoa. Zezenak aurkeztu ostean, plazatik ukuiluetarako sarrera luzatu egin zen, Almirante zezena ez baitzen gainerako taldearekin atera plazatik. Hori dela eta, behin baino gehiagotan atera behar izan zituzten idiak Almirante hondarretatik jasotzeko. Hala ere, Murteirako zezenak plazaren erdian jarraitu zuen, eta ordu erdi inguru iraun zuen haren erretiroak. Ganaduzaleek askotariko trikimailuak baliatu zituzten Almirante plazaren erditik mugi zedin: ura bota zuten, makilekin mugiarazi zuten, idiak atera zituzten, talde bereko Caminante zezena atera zuten, eta azkenean taldeko gainerako bost zezenen laguntzaz sartu zen ukuiluetara, ikusleen txalo artean.
Aurtengoa, "azken hogei urteotako zezenketen jaialdi onena" izango dela iragarri zuten antolatzaileek. Sarreren prezioa eta kokapenak Interneten ikus daitezke. Honako bi webgune hauetan jarri dituzte salgai sarrerak: torosazpeitia.com eta servitoro.com. Era berean, zezen plazako leihatilan ere eskuratu ahalko dira banako sarrerak. Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara irekiko dute leihatila. Zapatu eta jaiegun bezperetan, berriz, 11:00etatik 13:00etara irekiko dute txarteldegia.