"Azken hogei urteotako zezenketen jaialdi onena" prestatu dute saninazioetarako

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 14a, 17:08

Saninazioetako zezenketen jaialdia aurkeztu dute Basazabal jauregian, eta besteak beste, nabarmendu dute Morante de La Puebla Azpeitian izango dela aurten. Zezenketen zale diren hainbat haurrek Colombo  toreatzailearekin solasaldia izan dute. Sarrerak uztailaren 1ean jarriko dituzte salgai. Gaztelania hutsean egin dute aurkezpena.

Azpeitiko Zezenzale Batzordeak joan zen hilean jakinarazi zituen saninazioetako zezenketen datak, toreatzaileak eta ganadutegiak, eta atzo, ostegunez, egin zuten jaialdi horren aurkezpen ekitaldia Basazabal jauregian. Iñigo Crespo kazetariak gidatu zuen saioa, eta han izan ziren Joxin Iriarte Zezenzale Batzordeko presidentea, Fernando Lopez ganaduzalea, Jesus Enrique Colombo toreatzailea eta Jorge Urizar aurtengo kartelaren egilea. Gaztelaniaz egin zuten aurkezpena, osorik.

Iriartek nabarmendu zuen "azken hogei urteotako jaialdirik onena" prestatu dutela aurtengorako. "Oso eskertuta gaude ganadutegiei eta toreatzaileei. Azpeitiak osagai guztiak biltzen ditu jaialdi handi bat egiteko; azken hamarkadetan izan dugun konbinaziorik onena izango da aurtengoa". 

Iriartek aurtengo jaialdiaren ezaugarriak xehatu zituen. Toreatzaile nabarmenen artean, Luque, Morante de la Puebla, Borja Jimenez, Juan Ortega eta Diego Urdiales izango direla aipatu zuen. Horrez gain, gazteengan indarra jarri dutela ere esan zuen, eta horregatik, Jesus Enrique Colombo Azpeitian izango da, baita Clemente eta Jorge Martinez ere. Martinezek toreatzaile gisa debutatuko du, gainera, Azpeitian.

Colombok hartu zuen hitza aurkezpenean, eta esan zuen "pozik" zegoela aurten ere Azpeitian toreatzeko aukera izango duelako. "Ohorea da Azpeitira itzultzea". Iaz Azpeitian igarotakoa "oso egun polita" izan zela azpimarratu zuen, eta "ilusioa eta emozioa" bizi izan zituela. Bere toreatzeko modua "gozamenean" oinarritzen dela aipatu zuen, eta "bizitza polita" dela sentitzen duela. Iaz bi belarri moztu zituen, eta aurten are gehiago lortzea nahiko luke. "Azpeitiko jaialdiak prestigioa du, eta inpaktatu egin ninduen iaz. Pozik nago itzuliko naizelako, eta orain nahiko nukeena da ginda jartzea iazkoari beste lorpen bat eginda, hazten jarraitzeko eta nire gaitasuna erakusteko".

Loreto Charro ganadutegiko Lopez ganaduzaleak, bestalde, Azpeitian zezenketen alde egiten den lana nabarmendu zuen. "Gogo handia genuen Azpeitira etortzeko, eta azkenean, lortu dugu".

Era berean, Urizar margolariak jaialdirako prestatu duen kartelaz hitz egin zuen; bilbotarrak laugarren urtez jarraian ondu du Azpeitiko zezenketetarako kartela, eta adierazi zuen Meseta Toril inguruko giroa islatzen saiatu dela, Zortziko peñak jartzen duen giroa, besteak beste.

Aurkezpenaren ondoren, zezenketen zale diren hainbat haurrek Colombo toreatzailearekin solasaldia izan zuten; hainbat galdera egin zizkioten hari.

Datak eta sarrerak

Uztailaren 31n, abuztuaren 1ean eta 2an izango dira San Inazio jaietako zezenketak. Uztailaren 31n Loreto Charro ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte Morante de la Pueblak, Daniel Luquek eta Juan Ortegak. Morante de la Puebla hiru deialditan iragarri duten arren, 2022an etorri zen azkenekoz Azpeitira, baina atzo nabarmendu zutenez, aurtengoan "ez du hutsik egingo".

Uztailaren 31koa ez da Luquek Azpeitian eskainiko duen erakustaldi bakarra izango, hurrengo egunean bigarren jardunaldia egingo baitu. Hain zuzen, abuztuaren 1ean Ana Romero ganadutegiko zezenak aterako dira zezen plazara, eta Urdiales, Daniel Luque eta Borja Jimenez toreatzaileen txanda izango da. 

Abuztuaren 2an Clementek, El Colombok eta Jorge Martinezek Murteira Graveko zezenak toreatuko dituzte. Jorge Martinezek amaiera emango dio nobillero ibilbideari, eta Azpeitian debuta egingo du toreatzaile gisa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "proiekzio handiko toreatzaile gaztea" da Martinez. 2021ean nobillero gisa aritu zen Azpeitian, eta orain plaza horretara itzuliko da toreatzaile ibilbidea hasteko.

Sarrerak uztailaren 1ean jarriko dituzte salgai zezen plazako leihatilan, eta hilaren erdialdera arte eskuratu ahal izango dira abonuak. Hortik aurrera, berriz, banakako sarrerak soilik eskuratu ahal izango dira.

Egitaraua:

  • Uztailak 27, larunbata. Desenkajonamentua.
  • Uztailak 31, asteazkena. Morante de la Puebla, Daniel Luque eta Juan Ortega (Ganadutegia: Loreto Charro).
  • Abuztuak 1, osteguna. Diego Urdiales, Daniel Luque eta Borja Jimenez (Ganadutegia: Ana Romero).
  • Abuztuak 2, ostirala. Clemente, Jesus Enrique Colombo eta Jorge Martinez (Ganadutegia: Murteira Grave).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide