Uztailaren 24an bukatu zituzten aurtengo udal udaleku irekiak, eta, oro har, "balorazio oso positiboa" egin du Azpeitiko Udaleko Gazteria Zerbitzuak. Ekainaren 24an hasi zituzten udalekuetako ekintzak, eta 500 lagun baino gehiagok parte hartu dute. Gazteria Zerbitzuak azaldu du herriko haur zein nerabe askok parte hartu dutela ekintzetan, eta herriko eta kanpoko hainbat txoko ezagutzeko aukera izan dutela. Aurten ere, ekintzak hainbat eragilerekin elkarlanean antolatu dituztela adierazi du, hala nola Elikagunearekin, Elikurekin, Sokaitz eskalada taldearekin eta Arauntza Ridersekin. "Elkarlan horri esker, normalean egiten ez dituzten gauzak probatzeko aukera izan dute gazteek", nabarmendu dute antolatzaileek.
Aurtengo udalekuetako berrikuntza nabarmenena udaleku ibiltariena izan da. "Nerabeentzat nahiz hezitzaileentzat esperientzia berria izan da, eta positibotzat jo dute bizitakoa. Udalekuak bizitzeko modu berri bat izan da, eta errepikatzeko moduko esperientzia”, adierazi du Gazteria Zerbitzuak.
Udal Gazteria Zerbitzuak eskerrak eman dizkie udal udalekuetako parte hartzaileei, begiraleei, herriko elkarteei eta era batera edo bestera parte hartu duten herritar guztiei: “Zuek gabe ezinezkoa izango zen udal udaleku irekiak aurrera eramatea. Orain oporrak hartuko ditugu eta irailean indarberrituta itzuliko gara udal gazteria zerbitzuetara”.