Albistegia

"Poz handia eman digu herritarrak gurekin akordatu izanak"

Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 29a, 19:05

Herritarrek hala erabakita, saninazioetako txupinazoa azokako baserritarrek botako dute bihar, 12:00etan, udaletxeko balkoitik. Protagonistek aitortu dute poz handia hartu dutela herritarrak beraiekin akordatu direlako. 

Azokako baserritarrak izango dira bihar, 12:00etan, udaletxeko balkoira igo eta saninazioen hasierako txupinazoa botako dutenak, herritarrek hala erabaki dutelako. Zehazki zein baserritarrek botako duten ez dute aurreratu nahi izan, baina haien izenean hitz egin dute Idoia Leonetek eta Arantxa Ulaziak, astero Azpeitiko azokan izaten diren ekoizleetako bik.

Zer sentitu zenuten herritarrek txupinazoa botatzeko aukeratu zintuztetela jakin zenutenean?

Idoia Leonet: Hasieran, hautagaien artean geundela esan zigutenean, harritu egin ginen; baserritarrak normalean etxean sartuta aritzen garelako lanean, ezkutuan. Aukeratuak izan ginela jakin genuenean, berriz, harriduraz gain, urduritasuna ere sentitu genuen. Txupinazoa botatzeko momentua ere halakoa izango da, denetik sentituko dugu: urduritasuna, emozioa, baina, batez ere, poz handia, herritarrak gurekin akordatu direlako.

Beti etxean sartuta, beti lanean, baina txupinazoa botatzeko aukera ematea bada egiten duzuen lanagatik aitortza modu bat, ezta?

Arantxa Ulazia: Bai, nik horrela ikusten dut behintzat; herritarrek nolabait adierazi dute jakitun direla gu astero-astero plazan egoten garela, eta gurekin akordatze hori niretzat poz handia izan da, ikusten gaituztenaren seinale.

Txupinazoa bota behar duzuen aitzakiarekin, zerbait berezirik egiteko asmorik ba al daukazue?

I. L.: Txupinazoa bota eta gero, seguraski elkarrekin bazkaltzera joango gara, eta gero, lanera, baserritarrok ez baitugu egunik libratzerik. Goizean egiten ez duguna, iluntzean egin behar, baina pozik egingo dugu.

Zenbat ekoizle edo baserritar egoten zarete azokan?

I. L.: Astearteetako azokan 34 baserritar egoten gara, eta ostiraletakoan, hamar.

A. U.: Horiez gain, astegunetan beste hiru ekoizle ere etortzen dira, ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan.

Horietatik zenbat dira azpeitiarrak eta zenbat inguruko herrietakoak?

I. L.: Azpeitiarrak hamabost dira, gainontzekoak inguruko herrietakoak, eta Bizkaitik ere etortzen da bat.

Azken urteotan herritarren jarrera aldaketarik nabaritu al duzue?

A. U.: Bai, lehen pixka bat baztertuta sentitzen ginen, baina azken urteotan antzeman dugu beste modu batera ikusten gaituztela. Azoka Plaza berritu zenetik, jende gazte gehiago etortzen da azokara, eta horrek poz ematen du. Dena dela, oraindik ere gehiago etortzea komeni da.

Egitaraua:

  • Uztailak 30, San Inazio bezpera.
    - 11:00. Hamaiketakoa, plazan.
    - 12:00. Txupinazoa eta Marea Arroxa. Azpeitiko azokako ekoizleek botako dute txupinazoa.
    - 12:00. Kalejira, Azpeitiko Musika Bandak, Izarraitz Txistulari Taldeak, Arrasateko gaiteroak eta eraldoi eta buruhandiak.
    - Ondoren, Skapaie elektrotxaranga.
    - 15:00. Herri bazkaria, plazan.
    - 17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak, txosnetan.
    - 17:30. Bigantxak, 16 urtetik gorakoentzat. Ganadutegia: Arno. Done Jakue kalean.
    - 18:00. Go!azen karaokea, Olazko Andre Mariaren plazan.
    - 18:30. Profesionalen pala partidak. Izarraitz pilotalekuan.
    - 19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako basilikan. Azpeitiko Parrokiako koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak Julian Barrenetxearen Arratseko Otoitza eta Salbea abestuko dituzte, Itziar Urbieta organo jotzaileak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta.
    - 19:00. Los Incansables txarangaren kalejira
    - 19:00-01:00. Oihan Vega eta Davila DJak, plazan.
    - 19:30. Soka airean-slackline ikuskizuna, liburutegiaren aurrean.
    - 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
    - 22:00. Tapia eta Leturia, Olazko Andre Mariaren Plazan.
    - 22:00. Kontzertua: Frigo taldea, txosnetan.
    - 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana su etxearekin, Izarraitz parkean.
    - 23:30. Balantza erromeria, txosnetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide