Albistegia

Agintariak eta protestak Loiolan, Bakailao Txapelketa eta festa plazan

Maialen Etxaniz - Intza Trula 2024ko abu. 1a, 16:35

San Inazio bigarrenak urteroko irudi antzekoa utzi du gaurkoan. Imanol Pradalesek lehendakari denetik aurreneko bisita egin du Loiolara, Eusko Jaurlaritzako eta foru aldundiko ordezkariekin batera. Sañu Bizirikek eta Geroako kideek protestak egin dituzte. Plazan, bakailao txapelketa jokatu dute, festa giroan. Arantxa Olazabalek eta Maritxu Arteagak irabazi dute lehen saria. 

San Inazioak azkenetara iristen ari dira. San Inazio bigarrena da gaur, eta ohi bezala, eguneko lehen orduetan Loiola izan da arreta gune. Bertan, elizkizunaren aurretik, Azpeitiko Udaleko hautetsiek harrera egin diete Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariei. Imanol Pradales lehendakariaren lehen bisita izan da gaurkoa, eta piztu du ikusmina.  

Hainbat izan dira Loiolara bertaratu diren herritarrak eta agintariei babesa agertu dietenak, baina protestek ere izan dute haien lekua; izan ere, Sañu Bizirik taldeko kideen eta Geroako pentsiodunen protestak izan dira basilikaren aurrean. Aldarriak agintariengana irísatelo ahalegina egin dute bi eragileetako ordezkariek.  

Plazan, bestelakoa izan da goizak utzi duen irudia. Agintaririk eta protestarik ez da izan, bai ordea festa giroa. 13. Bakailao Txapelketa egin dute 11:00etan hasita, eta guztira 26 bikote aurkeztu dira. Horietatik hiru izan dira elkateak. Aurten, Arantxa Olazabalek eta Maritxu Arteagak irabazi dute bakailao onenaren txapela, urte mordoxka sariketara aurkeztu ostean. Pozik agertu dira saria jaso berritan. Bigarren saria Maite Ulazia eta Aner Kerejetarentzat izan da, eta hirugarrena Haritz eta Juan Inazio Aizpitarte. Elkarte onenaren saria, berriz, Loiolatxoko Aitor Eizagirrek, Jon Odriozolak eta Joseba Larrañagak jaso dute.  

Dena den, gaurkoan festa giroak irabazi du, eta giro paregabea sortu da bakailao txapelketaren bueltan. Gainera, Bankako Menditarrak entzuteko aukera ere izan da, kantuz girotu baitute plaza.  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide