Estalitako igerilekuak eta kiroldegia itxita egongo dira abuztuaren 15a arte

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 3a, 16:21

Estalitako sei kaleko igerilekua, artxiboko irudian. (Azpeitiko Udala)

Gimnasioak eta igerilekuko eraikineko gainerako zerbitzuek ez dute etenik izango; egunero irekiko dituzte, baina ordutegi murritzagoarekin. Kanpoko igerilekua, berriz, irailaren 29a arte egongo da martxan.

Abuztuan ohi dutenez, aurten ere mantentze lanak egingo dituzte Udal Igerilekuko barruko igerilekuetan, eta horiek egin ahal izateko, aste eta erdiz itxiko dituzte. Horrela, abuztuaren 15ean irekiko dituzte berriro estalitako sei kaleko igerilekua zein igerileku txikia.

Kanpoko igerilekua, aldiz, egunero irekiko dute irailaren 29a arte, 11:00etatik 20:00etara

Abuztuko ordutegia igerilekuan

Igerilekuaren eraikineko gainerako zerbitzuak eta instalazioak ere, hala nola gimnasioa edo sauna,erabilgarri izango dira abuztu osoan.

Horiek ez dute aterik itxiko, baina ohi baino ordutegi murritzagoa izango dute: astelehenetik zapatura, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta igandeetan eta jaiegunetan, goizez bakarrik erabili ahal izango dira, 09:00etatik 14:00etara.

Udal Kiroldegiak ere ateak itxiko ditu abuztuko lehen egunetan, eta barruko igerilekuak bezala, hango instalazioak ere hilaren 15ean irekiko dituzte berriro, ohiko ordutegiarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide