Beste garaipen bat gehitu zion igandean Eider Bereziartuak bikaina izaten ari den bere triatloi denboraldiari. Espainia aldean lortu du azken hori, Desafio Castilla y Leon izeneko proban, Valladolideko Medina de Rio Seco herrian.
Distantzia erdiko triatloia da Bereziartuak asteburuan irabazi duena; igeritan 1,9 kilometro, bizikletan 90 kilometro eta korrika 21 kilometro osatu behar izan zituzten, beraz, azpeitiarrak eta haren lehiakideek. Bizikletako tartean oinarritu zuen garaipena Bereziartuak. Uretatik bigarren postuan irten ondoren, bi gurpilen gainean probaren burua hartu eta nagusitasun handia erakutsi zuen Zumaiako Triatloi Taldeko kideak: 90 kilometroak bete ondoren, 8.30 minutuko aldea kentzen zion bigarrenari. Horrenbestez, triatloia bukatzeko falta zitzaion korrikako maratoi erdian alde hori kudeatzea izan zen azpeitiarraren eginkizuna. "Bero handia egiten zuen, terrenoa ere ez zen erraza, eta korrika asko sufritu nuen. Baina tartea neukan eta, beraz, tarte hori kudeatzen joan nintzen", kontatu du Bereziartuak. Sufritu arren, abantaila bikain kudeatu zuen; izan ere, azkenean, lau ordu eta 50 minutuko denborarekin bukatu zuen triatloia azpeitiarrak, bigarrenak baino sei minutu azkarrago.
Distantzia erdiko seigarren triatloia zuen Valladolidekoa Bereziartuak, eta abuztu arteko denboraldi tartea horrekin amaitu du.