"Zaintza bereziak" iragarri eta lapurreta saiakerak eragozteko gomendioak eman ditu Udaltzaingoak

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 7a, 10:36

Ate batean silikonazko markatzailea erakusten duen irudi hau zabaldu du Udaltzaingoak, oharraren batera. (Azpeitiko Udaltzaingoa)

Udako opor garaian etxebizitzetan lapurreta ahaleginak areagotu egiten dira, eta aurten ere atzeman dituzte horren zantzuak udaltzainek.

Udako opor garaian etxebizitzetan lapurreta ahaleginak areagotu egiten dira, eta aurten ere atzeman dituzte horren zantzuak udaltzainek.. Horregatik, lapurretak eragozteko "zaintza bereziak" egiten hasi dela iragarri du Azpeitiko Udaltzaingoak, eta horrekin batera, herritarrei zuzendutako hainbat gomendio eman ditu, lapurreta ahalegin horiei aurre egiteko.

Honako gomendioak zerrendatu ditu Udaltzaingoak, eta etxe atarietan ere ari da jartzen zerrenda bera:

  • Komunitatean edo komunitatetik kanpora pertsona susmagarriren bat ikusiz gero, berehala deitu Udaltzaingora, 092 telefono zenbakia erabilita.
  • Plastikozko markatzaileak edo bestelako arrastoak hautematen badira, ez ukitu, eta Udaltzaingoari jakinarazi.
  • Etxeko atea beti giltzaz itxi dela ziurtatu.
  • Norberaren etxeko atearen markoa zein bizilagunena sarri aztertu, talde antolatuek erabili ohi dituzten plastikozko markatzaileak edo itsasgarri hariak jarri dituzten jakiteko.
  • Ahalegindu beti etxean norbait dagoela aditzera ematen.
  • Lapurreta jasanez gero, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Udaltzaingora.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide