Antzerki Sormen Laborategiaren ikasturte berrian parte hartu nahi dutenek irailean izango dute izena emateko aukerak. Kulturaz kooperatibak antolatutako helduentzako antzerki tailerraren aldi berria Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan emango dute 2024ko urritik 2025eko ekainera, eta Xanti Agirrezabala aktorea izango da berriz ere tailerraren gidaria.
Kulturazek argitu bezala, "oholtzarekin, gorputzarekin, antzerkiarekin beste harreman modu bat nahi duen edonork dauka lekua laborategian, aurrez inoiz ibili gabea izanda ere". Informazio gehiago jaso nahi zein izena eman nahi duenak, dinamoa.eus webgunera idatz dezake.