Lagun Onaken gizonen talde nagusia duela astebete itzuli zen lanera, abuztuaren 2an, eta bihar, hilak 10, jokatuko du denboraldiaurreko lehen lagunartekoa. Ohorezko Erregional Mailan ari den Tolosa hartuko dute Azpeitikoek Garmendipen, 11:00etan.
Irailaren 8an hasiko da liga Hirugarren Mailan, eta Lagun Onakek Derioren kontra jokatuko du lehen jardunaldian, Garmendipen. Ordura bitartean, biharkoaz gain beste lau lagunarteko jokatuko ditu Jose Luis Riberak zuzendutako taldeak, eta horietatik bat ez beste guztiak ere Garmendipen jokatuko ditu; abuztuaren 24an izango da Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoa, Reala C-ren kontra. Hau da Hirugarren Mailako taldearen denboraldiaurreko partiden egutegi osoa:
Bihar, zapatua
- Lagun Onak-Tolosa. Garmendipen, 11:00etan.
Abuztuak 17, zapatua
- Lagun Onak-Eibar B. Garmendipen, 11:00etan.
Abuztuak 21, asteazkena
- Touring-Lagun Onak. Fanderian, 19:30ean.
Abuztuak 24, zapatua. Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoa
- Lagun Onak-Reala C. Garmendipen, 11:00etan.
Abuztuak 31, zapatua
- Lagun Onak-Durango. Garmendipen, 11:00etan.
Erabat berrituta
Bihar edo datozen hitzorduetan Lagun Onak ikustera joaten direnek goitik behera berritutako taldea aurkituko dute zelaian. Izan ere, 2023-2024 denboraldian Azpeitiko taldean aritu ziren jokalarietatik hamahiruk utzi dute taldea, eta bostek bakarrik jarraituko dute 2024-2025ean: Andoitz Amenabar, Lander Izagirre, Aner Gomez, Xabi Gereta eta Jagoba Erdozia dira taldean gelditu diren bostak.
Horiei hamar fitxaketa gehitu zaizkie jada: Jokin Arabiourru (Aurrera Ondarroatik); Asier Zeberio (Añorgatik), Markel Regil (Realaren jubeniletatik), Alex Letamendia (Real Union B), Jon Sanchez (Durangotik), Unax Odriozola (Zarauztik), Imanol Illa (Realak utzita) eta hiru azpeitiar: Aritz Amenabar (Realak utzita), Iker Gabilondo (Antiguokotik) eta AEBetako egonaldia bukatuta etxeko taldera itzuli den Aimar Leunda. Gainera, etxeko beste bost gazte talde nagusiaren dinamikan ariko dira denboraldi berrian: iaz ere hala ibili zen eta denboraldi bukaeran min hartu zuen Jakes Aranbarri, Aritz Madrazo, Beñat Arratibel, Jon Peña eta Aitor Muñoz.
"Talde gaztea" osatu du Lagun Onakek, "eta hamar azpeitiarrekin", zuzendaritzak nabarmendu duenez.