Azpeitiarrak nagusitu dira Martirietako XVI. Igoeran

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 10a, 17:25

Etxeberria eta Ibarguren txapelak jantzita eta gorengo koskan, Martirietako XVI. Igoeraren podiumean. (Gorka Eizagirre)

Oier Ibargurenek, marka eginda, eta Nerea Etxeberriak irabazi dute gaur jokatu den Azkoitiko txirrindularitza proba herrikoia.

Azpeitiarrentzat izan dira txapelak gaur Martirietako Igoeran. Jokin Ormaetxea TEk Azkoitiko Udalarekin urtero antolatzen duen proba herrikoian adin guztietako 50 lagunek parte hartu dute, eta Oier Ibarguren eta Nerea Etxeberria nagusitu dira.

Ibargurenek, gainera, XVI. aldia zuen probaren marka berria ezarri du: 11 minutu eta 11 segundo behar izan ditu azpeitiarrak Txalonerrekatik Martirietako plazara arteko 3,7 kilometroak osatzeko. Gaur bizikleta hartuta aritu den Aitor Mimenza Azpeitiko bizilaguna sailkatu da bigarren tokian (12.38), eta Martin Amilibia hirugarrenean (12.41).

Hiru emakumek parte hartu dute lasterketan, eta Nerea Etxeberria izan da azkarrena: denera 30. sailkatu da azpeitiarra, 18.46 denborarekin; Amaia Aizpuru izan da bigarrena (20.36, denera 40.), eta Miren Aizpuru hirugarrena (21.58, 44.).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide