Herri kiroletako bi final jokatu zituzten atzo Aiako pilotalekuan. Bietan aritu ziren azpeitiarrak lehian, eta bietan azken postuarekin konformatu behar izan ziren.
Hiru bikote lehiatu ziren Gipuzkoako Binakako Aizkolari Txapelketan, eta Mikel Larrañaga, Xabier Zalduarekin bikotea osatuta, podiumaren hirugarren koskara igo zen. 24 minutu eta bost segundo behar izan zituzten azpeitiarrak eta Zalduak atzoko saioko sei kanaerdikoak eta 60 ontzako beste sei enborrak mozteko; Eneko Otañok eta Ugaitz Mugertzak 23.14 denborarekin jantzi zituzten txapelak, eta 23.22 egin zuten bigarren sailkatu ziren Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Jesus Mari Mujikak.
IV. Lau Arroa harri jasotze txapelketaren finalean, berriz, harri baldarrari, zilindroari, kubikoari eta bolari bina minutuko saioetan ahalik eta altxaldi gehien ematea zen lau finalisten erronka. Esnaola besteen parean ibili zen zilindroarekin (37 altxaldi) eta kubikoarekin (24), baina baldarrarekin (16 aldiz altxatu zuen azpeitiarrak) eta bolarekin (24) aldea atera zioten lehiakideek. Lau harriekin egindako lana batuta, guztira 101 altxaldi egin zituen Esnaolak; irabazleak, Ainitze Zumetak, 124 egin zituen; Lierni Osak, 116; eta Madrri Gesalagak, 113.