Lagun Onakeko gizonen taldeak zapatuan jokatuko du denboraldiaurreko bigarren partida

Aitziber Arzallus 2024ko abu. 15a, 15:01

Lagun Onaken eta Tolosaren arteko partida. (Mailo Oiarzabal)

Jose Luis Riberak zuzentzen duen taldeak Eibar Bren kontra neurtuko ditu indarrak, 11:00etan hasita, Garmendipen.

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak denboraldiaurreko bigarren neurketa jokatuko du etzi, zapatua, etxean, Garmendipe futbol zelaian. Jose Luis Riberak zuzentzen duen taldeak Eibar B izango du aurkari, 11:00etan hasiko den norgehiagokan.

Denboraldiaurreko lehen partida hilaren 10ean jokatu zuen, etxean hura ere, Tolosaren kontra, eta 1-0 irabazi zuen. Eta etzikoaz gain, beste bi jokatuko ditu irailaren 8an Hirugarren Mailako ligari ekin aurretik: abuztuaren 21ean Touringen izango du arerio Fanderian, 19:30ean hasiko den neurketan; eta abuztuaren 31an Durangoren kontra neurtuko ditu indarrak Garmendipen, 11:00etan hasiko den partidan. Ugaitz Kerejetaren oroimenezkoa, berriz, abuztuaren 24an izango da, eta Reala C-ren kontra jokatuko du Lagun Onakek.

Erabat berrituta

Zapatuan edo datozen hitzorduetan Lagun Onak ikustera joaten direnek goitik behera berritutako taldea aurkituko dute zelaian. Izan ere, 2023-2024 denboraldian Azpeitiko taldean aritu ziren jokalarietatik hamahiruk utzi dute taldea, eta bostek bakarrik jarraituko dute 2024-2025ean: Andoitz Amenabar, Lander Izagirre, Aner Gomez, Xabi Gereta eta Jagoba Erdozia dira taldean gelditu diren bostak.

Horiei hamar fitxaketa gehitu zaizkie jada: Jokin Arabiourru (Aurrera Ondarroatik); Asier Zeberio (Añorgatik), Markel Regil (Realaren jubeniletatik), Alex Letamendia (Real Union B), Jon Sanchez (Durangotik), Unax Odriozola (Zarauztik), Imanol Illa (Realak utzita) eta hiru azpeitiar: Aritz Amenabar (Realak utzita), Iker Gabilondo (Antiguokotik) eta AEBetako egonaldia bukatuta etxeko taldera itzuli den Aimar Leunda. Gainera, etxeko beste bost gazte talde nagusiaren dinamikan ariko dira denboraldi berrian: iaz ere hala ibili zen eta denboraldi bukaeran min hartu zuen Jakes Aranbarri, Aritz Madrazo, Beñat Arratibel, Jon Peña eta Aitor Muñoz.

"Talde gaztea" osatu du Lagun Onakek, "eta hamar azpeitiarrekin", zuzendaritzak nabarmendu duenez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide