Azkoiti-Azpeitiko ISB saskibaloi klubak gizon-emakumeen lehen taldeetarako fitxaketa gehiagoren berri eman du bere sare sozialetan. Hain justu, gizonen Biele ISB talderako lau fitxaketa gehiago jakinarazi ditu, eta emakumeen ISB talderako bi. Fitxaketen aurretik zenbait kontratu berritze iragarri zituen saskibaloi taldeak, eta horien ondoren jakinarazi ditu taldea sendotzeko asmoz fitxatu dituen sei jokalarien izenak.
Alex Ramon Fernandez de Arroyabe joko antolatzaile gasteiztarra, Iñigo Miranda eskolta donostiarra, Godwin Boahen Ghanako eta AEBetako pasaporte bikoitza duen joko antolatzailea eta Jovan Stulic hegaleko serbiarra fitxatu ditu ISBk gizonen talderako. Fernandez de Arroyabe 2016-17 denboraldian ere ISBn aritu zen. Azken bi urteak EBA mailan eman ditu, hain justu, Baskonia eta Arrasate taldeetan. Miranda, berriz, Donostiako Easo taldean aritu da azken bi denboraldietan. Boahenek Huelvako (Espainia) Zilarrezko LEB Ligako Comercios Viridisen jokatu ditu azken bi urteak, baina aurrez Chicagoko (AEB) Illinois unibertsitatean aritu zen. Stulic, azkenik, AEBetako unibertsitate mailako NCAA ligan aritu da, Southern Illinois Salukis taldean.
Domusa Teknik ISB talderako, bestalde, bi fitxaketa egin ditu Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi klubak. Batetik, Victoria Llorente hegal pibot argentinarra fitxatu du, eta bestetik, Geraldynn Leaupepe AEBtako joko antolatzailea. Llorente Melilla Ciudad del Deporte C.D. La Salle taldean aritu zen iaz, eta Leaupepe Ausarta Barakaldon eta Australiako Jundaloop Wolvesekin.
Jokalariez gain, entrenatzaile taldeetako kideen berri ere eman du taldeak. Asier Larrañaga azpeitiarrak Domusa Teknik ISBko Luis Agirre entrenatzailearen laguntzaile izaten jarraituko du. Horrez gain, Jon Gonzalez donostiarrak Biele ISBko Iñaki Merino entrenatzailearen laguntzaile lanak egingo ditu datorren denboraldian.