Abuztua lasaia izan ohi da Azpeitian: taberna asko itxita daude oraindik, saltoki batzuek ere ordutegi murritzagoa dute, urteko beste sasoietan baina aparkatzeko leku gehiago dago... Gauza jakina da jende askok oporretarako baliatzen duela urteko aldi hau, baina badira herrian gelditzea erabakitzen dutenak ere. Eguraldi txarrarekin gauza gutxi egin daiteke kalean, baina atzo giro ederra zen, eta naturaz nahiz aisialdiaz gozatzeko baliatu zuten abagunea askok eta askok: skate parkean zebiltzan hainbat herritar, beste asko ur txorroetan, Loiola aldean jolasean beste batzuk, bakarren bat baratzean lanean... Horixe abuztuko egun arrunt batek atzo utzi zuen argazkia.
Zerbitzu eta saltoki asko egunotan itxita aurki daitezkeen arren, badira dagoeneko martxan hasi diren herriko zenbait gune, baita udan etenik egiten ez duten beste hainbat ere. Azpeitian dauden horientzat, hona hemen zenbait aukera:
- Liburutegia:
Udako etenaldiaren ostean, astelehenean zabaldu zuten berriro Azpeitiko Udal Liburutegia. Irailaren 2ra bitartean udako ordutegiarekin egongo da irekita; hau da, 08:30etik 14:00etara bitartean, eta larunbatetan itxita. Irailaren 2an zabalduko dute normaltasunez, eta orduan goizez nahiz arratsaldez izango da zabalik gunea.
- Kiroldegia (Garmendipe ondokoa):
Abuztuaren 14ra arte itxita egon da gunea, baina dagoeneko zabaldu dute. Hain zuzen ere, ordutegi honetan dago zabalik: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 22:00etara; larunbatetan, 08:30etik 20:30era; igandeetan, 09:30etik 20:30era; eta jaiegunetan, 09:30etik 13:00etara.
- Estalitako igerilekua (Sanjuandegiko gunea):
Abuztuaren 14ra arte itxita egon da gunea, baina dagoeneko zabaldu dute. Hain zuzen ere, ordutegi honetan dago zabalik: astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 09:00etatik 14:00etara. Irailean berreskuratuko du guneak ohiko ordutegia.
- Estali gabeko igerilekua:
Irailaren 29ra bitartean izango da zabalik estali gabeko igerilekua, 11:00etatik 20:00etara.
- Burdinbidearen Euskal Museoa:
Asteartetik larunbatera, lanegunetan, ordutegi honetan dago zabalik: 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Igande eta jaiegunetan, astelehenetan izan ezik, berriz, 10:30etik 14:00etara arte irekitzen dute.
Aste Santutik azaroaren 3ra arte lurrun trenean irteerak egiteko aukera dago. Larunbatetan, 12:00etatik 17:30era arte egiten ditu trenak bidaiak, eta igande eta jaiegunetan, 12:00etan.
- Loiolako turismo bulegoa:
Irailera bitartean, goi sasoian, ordutegi honetan dago irekita: asteartetik larunbatera, 10:30etik 14:00etara eta 15:30etik 19:00etara; igande eta jaiegunetan, 10:00etatik 15:00etara; eta astelehenetan, itxita izango da.