Frantziako L'Atelier Lyrique de Nanterre ganbera abesbatzak kontzertua emango du Loiolan

Ihintza Elustondo 2024ko abu. 22a, 10:31

L’Atelier Lyrique de Nanterre ganbera abesbatza. (L’Atelier Lyrique de Nanterre)

Datorren zapatuan, abuztuaren 31n, izango da emanaldia, 20:00etan hasita, doan. Maurice Durufle konpositore frantziarraren Requiem-a eskainiko du taldeak, Saskia Salembierren zuzendaritzapean.

Frantziako L’Atelier Lyrique de Nanterre ganbera abesbatzak kontzertua emango du datorren larunbatean, abuztuaren 31n, Loiolako basilikan, 20:00etan hasita. Hain zuzen ere, XX. mendeko Requiem nagusienetako bat eskainiko du: Maurice Durufle konpositore frantziarrarena. 1947an, Bigarren Mundu Gerraren ostean, eskaini zuen Duruflek otoitz hunkigarri hori. Organo soilerako eta abesbatzarako bertsioa da, eta abesbatzaren arabera, "Durufleren idazkeraren dotorezia, espresibitatea eta fintasuna gregorianoren edertasunarekin paregabeki uztartzen ditu".

Loiolako emanaldia Saskia Salembier frantziar mezzosoprano eta biolin jotzaileak zuzenduko du. Artista horrek ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko lurrak, 2020an Ziortzako Kontzertuak jaialdian parte hartu baitzuen Ziortzan (Bizkaia). Marc Meisel ariko da organoa jotzen zapatuan basilikan, Olivier Latry (Parisko Notre Dameko organo titular ohia) ospetsuarekin ikasia.

L'Atelier Lyrique de Nanterre bigarren urtez jarraian da Gipuzkoan; iaz ere Loiolako Santutegian izan zen, eta Azkoitian Liszten Via Crucis eskaini zuen. Gipuzkoako organoekin harreman berezia ari da garatzen ganbera abesbatza hori. Doakoa izango da Loiolako emanaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide