'Gure Mazedonia' udako programaren Azpeitiko saioa eskainiko du gaur Guka Telebistak

Guka Telebista 2024ko abu. 22a, 11:14

Juanjo Olaizola elkarrizketatuko du gaurko saioan Galarzak.

Orioko, Azkoitiko eta Zarauzko saioen ondoren, Azpeitikoa eskainiko du gaur gauean Guka Telebistak. 21:45ean ikusi ahal izango dira saioa telebistan. Burdinbidearen Euskal Museoan izan dira Mireia Galarza Bastida, Ian Ruiz Lizaso eta Julene Sorarrain. 

Badoa aurrera abuztua ere, eta horrekin batera, baita Guka Telebistaren Gure Mazedonia udako saioa ere. Mireia Galarza Bastida kazetaria herriz herri dabil Urola Kostan garaiko gaiak lantzen; ondo lagunduta ibili ere. Izan ere, Julene Sorarrain eta Ian Ruiz Lizaso ditu hark bidelagun.

Ostegunero bezala, gaur ere saio berri bat eskainiko du Guka Telebistak 21:45ean hasita: Azpeitikoa. Gaurko saioan, Galarza aurkezlea Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariarekin elkartuko da, eta Sorarrain eta Ruiz bisitariekin arituko dira solasean, beti bezala barru barruan duten jakin-mina asetuz.

Datorren asteko saioarekin, hilaren 30ekoarekin, itxiko du Gure Mazedonia Gukak. Orduan, Zumaian izango dira Galarza eta bere bi bidelagunak. Gaurko saioa Guka Telebistan jarraitu ezin duenak bihar oso osorik ikusi ahal izango du Gukaren webgune guztietan, baita orain arte emandako saio guztiak ere. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide