Lagun Onakek eta Realak Ugaitz Kerejeta futbolari zenaren omenezko laugarren memoriala jokatuko dute bihar, larunbata, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. 11:00etan hasita jokatuko dute denboraldiaurreko lagunarteko kutsua izango duen neurketa Lagun Onaken gizonen lehen taldeak eta Realaren gizonen hirugarrenak. Lehen bi edizioetan hiruko txapelketa jokatu bazuten ere, iaz bezala, aurten ere bi talde arituko dira nor baino nor gehiago.
Duela lau urte eskas hil zen Kerejeta moto istripuz, eta harrezkero, urtero antolatu du Lagun Onakek haren omenezko memoriala abuztuan. Hain zuzen, futbol klubak Garmendipera bertaratzeko deia egin diete herritarrei, eta oro har, zale guztiei, Kerejeta zena "familian gogora ekartzeko".