Bihar lau urte beteko dira Ugaitz Kerejeta Lagun Onakeko jokalari ohia hil zela, eta haren omenez, laugarren memoriala jokatu dute gaur, larunbata, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Lagun Onaken gizonen lehen taldea eta Realaren gizonen hirugarrena izan dira parez pare, eta etxeko taldeak ezin izan du neurketa irabazi.
Lehen zatian ez da markagailuan gorabeherarik izan, eta 57. minutuan iritsi da Lagun Onaken lehen gola; Jon Sorazu izan da goleatzailea. Bi minutu geroago berdindu du, ordea, Realak partida. 24. zenbakia soinean zeraman jokalariak sartu du gola. 60. minutuan berriro aurrea hartzea lortu du Lagun Onakek, Alex Letamendiak egindako golari esker, baina 82. minutuan sartu du Realak bigarren gola –16. zenbakia soinean zeraman jokalaria izan da goleatzailea–. Etxeko taldeak ez du izan zorterik partidaren amaieran; izan ere, jokalarietako batek bere atean sartu du gola 86. minutuan, eta beraz, 2 eta 3 gailendu da Reala.
Kerejeta zena gogoratzeko unea
11:00etan hasita jokatu dute denboraldiaurreko lagunarteko kutsua izan duen neurketa. Partida hasi aurretik, baina, ohikoa den moduan, Kerejeta zenaren familia bertaratu da zelaiaren erdira, eta omenaldia egin dio klubak. Iñigo Arregi Lagun Onaken presidenteak eta Realeko jokalari batek loreak eman dizkiete Kerejetaren senitartekoei, inguruan ziren jokalari guztien eta harmailetako zaleen txalo zaparrada artean. Horrela, beste urte batez, denen artean gogoratu dute Ugaitz Kerejeta zena.
Duela lau urte hil zen Kerejeta moto istripuz, eta harrezkero, urtero antolatu du Lagun Onakek haren omenezko memoriala abuztuan.