Imanol Arizmendi txirrindulari azkoitiarrak masterren Munduko Txapelketan parte hartuko du datorren igandean, irailak 1. 19 eta 34 urte arteko kategorian lehiatuko da azkoitiarra, Danimarkako Aalborg hirian. Txirrindularia martxoan sailkatu zen Munduko Txapelketara Vila-Realen (Herrialde Katalanak) jokatu zuten The Millars UCI World Series lasterketan.
Guztira, 180 kilometroko distantzia eta 3.000 metroko desnibel positiboa izan zituen Vila-Realeko ibilbideak. Munduko Txapelketa lehiatuko duten igandeko ibilbidea, ordea, desberdina izango da; 151 kilometroko lana egin beharko dute txirrindulariek, 1.200 metroko desnibel positiboa gaindituz. Hori horrela, igandeko ibilbidea "ez da aproposena" Arizmendirentzat. "Ibilbide oso laua da, baina prestakuntza ona eginda noa Danimarkara, gozatzera", azaldu du Azpeitian bizi den ziklista azkoitiarrak.
Itxaropentsu doa Arizmendi Munduko Txapelketara, baina ez du bere burua estutu nahi. "Ondo bidean aurreneko postuengatik borroka egin beharko nukeela iruditzen zaigu entrenatzaileari eta bioi. Hala eta guztiz ere, ibilbidea niretzako aproposena ez dela ikusita eta txapelketa egun bakar batean erabakiko dela, presiorik gabe etorri naiz".