Urriaren 5ean egingo dute Beñat Benantxio ibilaldia

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 30a, 09:00

Mendizaleak ibilbideko anoa gune batean, 2022ko ibilaldi neurtuan. (Utzitakoa)

Bi ibilbide jarri dituzte aukeran aurten ere: 25 eta 10,4 kilometrokoak .Izen ematea ireki dute, herrikrosa.eus webgunean. Aurten ere bazkaria egingo dute ondoren, Aizarnan.

Beñat Arrue eta Benantxio Irureta mendizaleen oroimenezko laugarren ibilaldi neurtuak badu data: urriaren 5a. 2016an antolatu zuten lehen aldiz Aizarnako Herri Elkarteak, Agiro mendi elkarteak eta Zestoako Udalak Arrueren eta Iruretaren omenezko mendi ibilaldia; harrezkero, bi urtean behin egin dute, koronabirusaren pandemiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten 2020koa izan ezik. Horrenbestez, IV. Beñat Benantxio ibilaldi neurtua izango da aurtengoa, eta parte hartu nahi dutenek dagoeneko irekita dute izena emateko aukera Interneten, herrikrosa.eus

2022an lehen aldiz jarri zituzten bezala, aurten ere bi ibilbide jarriko dituzte aukeran antolatzaileek: luzea, 25 kilometrokoa; eta motza, 10,4 kilometrokoa. Aizarnan hasi eta Aizarnan bukatuko dira bi ibilbideak, eta besteak beste, Komisolatzan, Gazumen, Iturriotzen eta Altzolan barrena ibiliko dira mendizaleak aurten ere. Irteerari dagokionez, ibilaldi luzea aukeratzen dutenek 07:30ak eta 08:00ak artean ekin beharko diote ibilaldi neurtuari; eta ibilaldi motza egitea nahi dutenek, 09:00ak eta 09:30ak artean.

Bazkaria ere bai

Ibilaldi luzerako zein motzerako, aurrez izena ematerakoan 15 euro ordaindu beharko dituzte mendizaleek, ibilaldi neurtuaren eguneko bezperara arte. Egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera herrikrosa.eus-en, 20 euro ordainduta; ibilaldi neurtua hasi baino ordu erdi lehenago itxiko dute izen ematea. Izena ematearekin batera, opari bat jasoko dute parte hartzaile guztiek. Dortsalak, berriz, urriaren 5ean bertan jaso beharko dituzte Aizarnan, 07:00etatik 08:00etara.

Mendi ibilaldirako ez ezik, ondoren Aizarnan bertan egingo duten bazkari herrikoirako ere eman dezakete izena mendizaleek, beste 15 euroren truke. Bazkari horrekin borobilduko dute jardunaldia aurten ere, 14:30etik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide