Imanol Arizmendi txirrindulariak hemeretzigarren postua lortu du Munduko Txapelketan

Andoni Elduaien 2024ko ira. 2a, 12:28

Arizmendi, atzo, Aalborg hirian. (Utzitakoa)

Azpeitian bizi den txirrindulari azkoitiarrak master mailako Munduko Txapelketa jokatu zuen atzo Danimarkan, eta aurreneko hogeiren barruan sartu zen. Une batez, gainera, lasterketaren buruan joan zen Arizmendi, tropeletik ihes eginda.

Imanol Arizmendi txirrindulari azkoitiarra hemeretzigarren postuan sailkatu da masterren Munduko Txapelketan. Atzo, igandea, Danimarkako Aalborg hirian jokatu zuten txapelketa, eta Azpeitian bizi den azkoitiarrak 19 eta 34 urte arteko kategorian parte hartu zuen. 151 kilometroko lana egin behar izan zuten txirrindulariek, 1.200 metroko desnibel positiboa gaindituz. 03:29.58 denbora egin zuen Arizmendik atzo. Mattia Gaffuri italiarrak irabazi zuen proba,

Guztira, 450 txirrindularik parte hartu zuten 19-34 urte artekoen txapelketan, eta Arizmendi "oso gustura" gelditu zen Danimarkan egindako lanarekin. "Ibilbide oso teknikoa zuen ibilbideak, bide estu askorekin eta 90 graduko bihurgune ugarirekin. Belgikako klasikoen antz handia hartu nion probari. Hasiera hasieratik lasterketa abiadura handian egin genuen; izan ere, batez beste ia 44 km/h-ko abiaduran egin genuen bidea". Abiadurak eraginda edo, "eroriko asko" izan ziren lasterketan zehar, baina Arizmendik ez zuen lurrik ukitu. "Ikaragarrizko tentsioa eta arriskua handia izan zituen atzoko lasterketak: zuloguneak, oinezkoen babesguneak, abiadura... Zenbait unetan, gainera, beldurrak airean joan nintzen. Gertutik ikusi nituen eroriko guztiak ikusita, ez erortzea nuen buruan", azaldu du Arizmendik.

Munduko txapelketagatik borroka egitea erabaki zuen gero azkoitiarrak. Hala azaldu du Arizmendik: "Lasterketa erditik aurrera saiakerak egin nituen tropelaren etenak baliatuz ihesaldi txikietan sartuta, baina horrenbeste belgikarrekin eta herbeheretarrekin ezinezkoa izan zen ezer lortzea", adierazi du. Dena den, Azkoitiko txirrindulariak azken eraso bat jo zuen, eta lasterketaren buruan izan zen une batez. "25 kilometroren faltan, tropelaren geldiune bat baliatuta, erasoa jo nuen, eta pare bat kilometro-edo bakarrik egin nituen. Alferrik izan zen, ordea".

Azken esprintean erabaki zuten Munduko Txapelketa, azken luze "oso beldurgarrian", Arizmendiren esanetan. "Azken hamar kilometroetan inork ez zion frenoari ukitu; kale edo bale aurrera egin zuten guztiek, eta azkenean, hemeretzigarren postua lortu nuen". Mattia Gaffuri italiarrak, 35 segundo atera zizkion Kilian Baillivier belgikarrari, eta minutu eta bi segundo Arizmendiri. Azkoitiko txirrindulariak Aalborgen "esperientzia aberasgarria bezain polita" bizi izan duela adierazi du, lasterketa guztian zehar fisikoki "sentsazio oso onekin" aurkitu baita hura.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide