Hilaren 9an zabalduko dute kirol jardueretan izena emateko aukera

Intza Trula 2024ko ira. 3a, 09:30

Artxiboko irudian, Azpeitiko kiroldegia.

Adin guztietako herritarrei bideratutako jarduerak prestatu ditu Azpeitiko Udalak aurten ere. Ikastaroak urriaren 7an hasiko dituzte, eta parte hartu nahi dutenek irailaren 9tik 13ra bitartean eman beharko dute izena, igerilekuko harreran.

Udako oporraldia atzean utzita, 2024-2025 ikasturteko kirol eskaintzaren berri eman du Azpeitiko Udalak, eta urtero legez, adin guztietako herritarrei egokitutako ikastaroak antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Urte osoko eta lehen hiruhilekoko ikastaroen izen ematea irailaren 9tik 13ra izango da, eta gainerako hiruhilekoetarako izen emateak azaroan eta otsailean zabalduko dituzte. Ikastaroak, berriz, urriaren 7an hasiko dituzte.

Hori hala, intentsitate maila ezberdineko ikastaroetan eman ahal izango dute izena herritarrek: intentsitate maila altua duten ikastaroak nahi dituztenek, esaterako, GAP, total training, TRX eta zumba fitness ikastaroetan eman ahal izango dute izena; posizioaren kontrolaren bidez gorputz oreka lortu nahi dutenek, berriz, pilates ikastaroan parte har dezakete (hirugarren adinekoentzako talde berezia egongo da). Horrez gainera, beste hainbat ikastaro ere eskainiko dituzte: hala nola mantentze gimnasia eta zumba gold.

Halaber, haurrei eta gazteei bideratuko ikastaroak ere egongo dira ikasturte honetan: zumba txiki (7-10 urte), zumba gazte (10-14 urte), total gazte eta TRX gazte ikastaroak, hain zuzen ere. Era berean, jarduera fisiko eta kirol egokituko ikastaroa ere antolatu dute.

Igeriketa ikastaroak, helduentzat zein haurrentzat

Uretako jarduerei dagokienez, igeriketako teknifikazioa eta igeriketa ikastaroa izango dira helduentzat. Haurren igeriketa ikastaroak, berriz, hiru taldetan banatu dituzte: 6 hilabete eta 2 urte artean dituzten haurrek osatuko dute lehen taldea; 2 eta 3 urte bitartean dituztenek osatuko dute bigarrena eta 4 eta 13 urte bitartean dituztenek osatuko dute azkena.

Gainerako urteetan ez bezala, aurten, lehen taldekoen (6 hilabete eta 2 urte bitartean dituzten haurren) igeriketa ikastaroa urte guztian zehar eskainiko dute. Hori hala, udaberriko larunbatetako saioez gainera, astelehen goizean eta arratsaldean ere eskainiko dituzte saioak. 

Zerrendak, hilaren 17an ikusgai

Azpeitiko Udalak irailaren 17tik 19ra bitartean ezagutaraziko ditu onartuen zerrendak, lehen aldiz, igerilekuko oholean eta kirol patronatuaren webgunean. Izan ere, herritarrek orain arte igerilekuan soilik eskuratu zitzaketen zerrendak. Udalak jakinarazi duenez, eskainitako plaza kopurua baino eskaera gehiago dauden ikastaroetan zozketa egingo da.

Eskaintzaren inguruko zalantzak argitu edo informazio gehiago nahi dutenek igerilekuko harrerara jo dezakete, edo, bestela, 943-81 41 21 telefonora deitu. Ikastaroen zerrenda, ordutegiak eta prezioak, berriz, honako lotura honetan kontsulta daitezke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide