Etxe berria estreinatu du Juan Antxieta musika eskolak

Maialen Etxaniz eta Nerea Uranga 2024ko ira. 3a, 12:31

Soreasuko Dinamoa sormen gunearen bigarren solairuan dago Azpeitiko musika eskolaren egoitza berria. Ostegunean (irailak 5) ate irekiak egingo dituzte nahi duten herritar guztiek ezagutzeko eta ikusteko aukera izan dezaten. 2024-2025 ikasturtea, berriz, irailaren 9an hasiko dute.

Perdillegitik Soreasu auzora lekualdatu dute Juan Antxieta musika eskola. Aste honetan bertan estreinatu dute eskola berria Dinamoa sormen gunearen bigarren solairuan. Musika eskolarako sarrera eta eskailerak Elkargunearen sarrera aurrean ditu, eta eskaileratan bigarren solairura igo eta han ditu bulegoak, ikasgelak, erabilera anitzeko gelak, areto txiki bat eta biltegi gelak. Musika eskolaren egoitza berria ezagutu nahi duten herritar guztientzako ate irekiak antolatu dituzte ostegunean (irailak 5), 16:30etik 18:30era artean.

2024-2025 ikasturtea datorren astelehenean, irailaren 9an, hasiko dute Juan Antxieta musika eskolakoek. Orain, berriz, plazak bete bitartean, matrikula egiteko epea zabalik dute. 2 urtetik aurrerakoentzako musika hezkuntza da eskaintzen dutena bertan, eta hainbat musika tresna eta instrumentu ikasteko eskaintza ere badute. Matrikula egin edota informazioa jaso nahi dutenek, aste honetan, 10:30etik 18:00etara artean, jo dezakete musika eskolara bertara, antxieta@antxieta.eus helbide elektronikora idatzi edota 656 00 80 40 edo 943-81 62 63 telefono zenbakietara deitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide