Azpeitiko jubilatuak eta pentsiodunak datorren astelehenean itzuliko dira plazara. Udako etenaren ondoren, hilaren 9an 12:00etan elkartuko dira herriko plazan Azpeitiko Jubilatu eta Pentsiodunen Plataformak deituta, haien aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko. 2018ko urtarrilean hasitako bideari jarraipena emango diote jubilatuek, beraz, ikasturte berrian ere. "Pentsio eta osasungintza publiko zein duinaren defentsan" egingo dute asteleheneko elkarretaratzea.
Azpeitian bezala, Euskal Herriko 80 herritan eta hiritan ari dira egiten elkarretaratzeak azken bost urte eta erdian, baina orduz geroztik "pentsiodunen beharrak areagotu" egin dira hilabetez hilabete. "Gutxieneko pentsioak gero eta urriagoak dira, eta Espainiako Gobernuak ez du ezer egiten 1.080 eurotan jartzeko. Eusko Jaurlaritako eta Nafarroako Gobernuak, berriz, ez dituzte beharrezko erabakiak hartzen pentsiodunen diru-sarrerak zenbateko horretara arte osatzeko", azaldu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM).
Pentsioen kontutik harago, ordea, "genero arrakala oraindik konpondu gabe" dagoela azpimarratu dute, eta salatu dute "murrizketen erreformek pentsioak gutxitzen eta erretiro adina handitzen" jarraitzen dutela. "Laster Espainiako Estatuko aurrekontuak negoziatuko dituzte, eta ezinbestekoa da eros ahalmena berreskuratzea eta gutxieneko pentsioa handitzea. Gure aldarrikapenak aski ezagunak dira, eta Elma Saiz Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Immigrazio ministroari nahiz Imanol Pradales lehendakariari eginiko bilera eskaeraren erantzunaren zain jarraitzen dugu", adierazi dute.
Ikasturte berria hasi bada ere, elkarretaratzeei eutsiko dietela nabarmendu du EHPMk. "Gure eskari premiazkoenei eta ezinbestekoenei erantzuna eman arte, kalean jarraituko dugu, zalantzarik gabe".