Pirinioetara irteera antolatu du Lagun Onak mendi bazkunak hilaren 21 eta 22rako

Ane Olaizola 2024ko ira. 4a, 15:56

Guztira, 40 kilometro eta 2.800 metro inguruko desnibel positiboa duen ibilbidea egingo dute bi egunetan, eta mendizaleek izena eman dezakete dagoeneko. Antolatzaileek ohartarazi dute ibilbide "oso harritsua" dela eta zati teknikoak dituela.

Lagun Onak mendi bazkunak Pirinioetara irteera prestatu du hilaren 21-22 astebururako. Mendizaleek bi eguneko martxa egingo dute 40 kilometro eta 2.800 metro inguruko desnibel positiboa duen ibilbidean. Antolatzaileek ohartarazi dute ibilbide "oso harritsua" dela eta zati teknikoak dituela. Horrez gain, parte hartzaileek bi egunetan izango dute gailurrera igotzeko aukera: larunbatean, Arriel gailurra (2.824 metro) eta igandean, Musales (2.652 metro).

Egitarauari dagokionez, mendizaleak larunbateko 02:00etan irtengo dira autobusez anbulatorio aurretik, eta egun horretan, honako ibilbide hau egingo dute: Soques - Arremoulit - Petit Arriel - Arriel aukeran - Arremoulit - Col de la Lie eta Larribet (18 kilometro, 1.800 metroko desnibela. Etapa amaieran, Larribeteko aterpean afaldu eta lo egingo dute, eta beraz, norberaren ardura izango aterpean lo egiteko zakua edo izara eta frontala eramatea. Igandean, aterpean gosaldu eta gero 20 kilometroko eta mila metroko desnibela duen bigarren etapa hasiko dute: Larribet - Ciseaux bretxa - Ibones de Arriel - Respumoso eta Musales aukeran. Irteeraren aurreikuspena hori bada ere, elkarteak azaldu du eguraldiaren iragarpenak eta bestelako gertaerek azken orduko aldaketak eragin ditzaketela.

Irteeran izena emateko epea zabalik dago dagoeneko: elkarteko bazkideek 100 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek, 110 euro. Prezio horren barruan izango dituzte autobusa, aterpeko egonaldia, afaria eta gosaria, eta gainontzeko otordu guztiak norberak ordaindu beharko ditu. Izena emateko, elkartearen honako kontu korronte zenbaki honetan diru sarrera egin beharko da: ES71 3035 0020 51 0200093741 (Laboral Kutxa). Bertan, izen-abizenak zehaztu beharko dira, eta ordainagiria lagunonak.ibilaldiak@gmail.com helbidera bidali beharko da gero, baita antolatzaileek jakin beharreko bestelako informazioa ere.

Antolatzaileek azpimarratu dute irteeran parte hartzeko beharrezkoa dela mendian federatua egotea eta federatu txartela soinean eramatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide