Herri kirolen gune bihurtuko da aurten ere irailean Azpeitiko zezen plaza, Euskal Pentatloiaren eskutik. Zazpigarren aldia beteko du aurten 2018an berreskuratutako kirol lehiaren banakako sariketa nagusiak, eta aurreko aldi guztietan bezala, Azpeitian jokatuko dute. Lehen hitzordua bihar izango da Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita gizonen kanporaketa saioa izango baita han.
Hamabi kirolari lehiatuko dira finalerako txartelaren bila: iazko sei finalistak, azken hiru edizioetan txapela jantzi duen Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a buru dutela, eta joan den ekainean bigarren mailako II. Euskal Pentatloia jokatu zuten hainbat kirolari.
Hauek dira biharko kanporaketan parte hartuko duten kirolariak: Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (Aia), Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa), Xabat Olaizola (Zarautz), Ioritz Gisasola (Mallabia, Bizkaia), Aritz Irazabal (Ugao, Bizkaia), Julen Kañamares (Aroztegi, Nafarroa), Beñat Amade (Algorta, Bizkaia), Ander Altuna (Astigarraga, Gipuzkoa), Beñat Telleria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa), Daniel España (Valsain, Espainia), Jon Bengoetxea (Oiartzun, Gipuzkoa) eta Iker Goldarazena (Berriozar, Nafarroa).
Parte hartzaileetako bakoitzak 100 kiloko bola hamar aldiz altxa beharko du aurrena; jarraian, 400 kiloko harriarekin plaza bat osatu beharko dute; aizkoran, kanaerdiko bat eta 45 ontzako beste bat ebaki beharko dituzte; 50 kiloko txingekin hiru plaza osatu beharko dituzte; eta azkenik, kilometro bat egin beharko dute korrika.
Lan horiek azkarren amaitzen dituzten sei kirolari igaroko dira finalera. Hilaren 21ean, larunbata, izango da final handia, 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan.
Biharko kanporaketa saiorako sarrerak Azpeitiko Landetako Mendizabal erretegian eros daitezke aurrez, baina bihar bertan ere egongo da sarrerak eskuratzeko aukera, 16:30etik aurrera zezen plazako leihatilan. 20 euroko prezioa du kanporaketa saiorako sarrerak –16 urtetik beherakoen sarrera doakoa da–.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 16:45ean egingo dute parte hartzeko ordenaren zozketa, eta kirolariek zein beraien ordezkariek zezen plazan egon beharko dute ordu horretarako. Ikusleentzako ateak, berriz, 17:00etan zabalduko dituzte.
Urteetako marka hautsita
Pentatloiaren kanporaketak ikusmina sortu zuen duela bi urte, Zalduak eta Izeta VI.ak izan zuten lehia estua medio. Zalduak ezin izan zuen Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a azpeitiarrak 1983ko pentatloiaren kanporaketan ezarritako marka hautsi, bost segundo gehiagoan amaitu zituelako lanak.
Iazko pentatloian, baina, 40 urtez mantendutako Arria II.aren marka haustea lortu zuen Izeta VI.ak. Aiarrak 11 minutu eta 48 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, azpeitiarraren denbora hemeretzi segundoan hobetuta. Ikusteko dago biharko lehian marka berririk ezarriko ote den.