Aisialdiko ikastaroen proposamenak aurkezteko epea zabalik dago

Ihintza Elustondo 2024ko ira. 7a, 09:00

Eskulanak bultzatzea da ikastaroek bete beharreko ezaugarrietako bat. (Pixabay)

Datorren ikasturtean Azpeitian aisialdiko ikastaroren bat eskaini nahi dutenek irailaren 13ra bitartean aurkez ditzakete proposamenak. Tailerrek adin nagusiko herritarrei zuzenduta egon behar dute. 

Datorren ikasturtean Azpeitian aisialdiko ikastaroren bat eskaini nahi dutenek dagoeneko zabalik dute proposamenak aurkezteko epea. Udaleko Hezkuntza sailak bultzatzen duen aisialdiko programaren helburua da herritarren beharrak asetzen dituzten ikastaroak eskaintzeko aukera ematea. Horregatik, ikastaroek interes publiko edo soziala izan behar dute, eta ezaugarri hauei erantzun behar diete: aisialdi eta denbora libreko aukerak bultzatzea; eskulanak bultzatzea, bizitzan jarduteko jarrera positiboak eskuratzeko; gizarte harremanak erraztea, talde batean txertatzearen bidetik; eta orain arteko arrakasta ikusirik, adin tarte eta generoa integratzen dituen ikastaroak izatea. Ikastaroek adin nagusiko herritarrei zuzenduta egon behar dute. 

Aukeratutako proiektuei honako hauek eskainiko dizkie udalak: ikastaroen informazioaren zabalkundea egiteaz arduratuko da, eta ikastaroa eskaini ahal izateko lokala utziko du. Udalaren eta ikastaroa emango duenaren artean hitzarmen bat sinatuko dute, eta han jasoko dituzte bi aldeen eskubideak eta betebeharrak.

Interesatuek eskaera orria aurkeztu behar dute, baita ikastaroaren nondik norakoak zehaztu ere. Honako atal hauek agertu behar dira, gutxienez, txostenean: ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen…

Eskaerak herritarren arreta zerbitzuan aurkeztu behar dira, irailaren 13rako –datorren ostirala–. Informazio gehiago udaleko webgunean, herritarren arreta zerbitzuan eta udaleko hezkuntza zerbitzuan eskura  daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide