Galdu egin du Biele ISBk Espainiako Kopako estreinako partida

Ihintza Elustondo 2024ko ira. 8a, 09:21

Gipuzkoa Basketen aurkako derbia jokatu du Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta Donostiako taldeak nagusitasunez irabazi du, 68-90. Datorren astean, Biele ISBk Zornotzan jokatuko du kopa txapelketako bigarren partida.

Iraurgiren gizonen talde nagusiak atzo, larunbata, jokatu zuen Espainiako Kopako lehen jardunaldiko partida, Azkoitiko kiroldegian. Azkoiti-Azpeitiko taldeak Gipuzkoa Basket izan zuen parez pare, eta Donostiako taldeak aise irabazi zuen neurketa: hain zuzen ere, 68 eta 90 amaitu zen partida.

Hasiera-hasieratik erakutsi zuen GBCk kantxan ISB baino maila bat goragoko taldea dela. Lehen laurdenaren amaierarako, hamar puntuko errenta lortu zuen Gipuzkoa Basketek (16-26). Ondorengo bi laurdenak estuagoak izan ziren markagailuari dagokionean, baina Donostiako taldeak ordura arteko errenta apur bat handitu egin zuen (34-47).

Hirugarren laurdena izan zen parekatuena; Biele ISBk ondo eutsi zion Donostiako taldeari, baina Iñaki Merinok zuzentzen duen taldeak ez zuen lortu GBC gehiegi larritzerik (55-69). Donostiakoek ez zuten ezustekorako betarik utzi Azkoitiko Elkargunean, eta azken hamar minutuetan defentsa lan ona eginda eta erasoan asmatuta, garaipen argia eskuratu zuten. Amaieran, Biele ISBk 68, Gipuzkoa Basketek 90.

Estatistikei erreparatuta, Brian Wallack izan zen ISBko saskiratzaile nagusia, hamazazpi puntu lortuta. Aldiz, Waly Niang izan zen taldeko onena, hemeretzi puntuko batez besteko balorazioa erdietsita –hamasei puntu saskiratu eta bederatzi errebote hartu zituen–.

Datorren larunbatean, hilak 14, jokatuko du ISBk Espainiako Kopako bigarren jardunaldiko partida, Zornotzan (Bizkaia). Teknei Bizkaia Zornotza izango dute aurkari Merinoren mutilek, 18:30ean hasita. Hirugarren jardunaldian, berriz, atseden hartuko dute, eta beraz, etxean jokatuko duten hurrengo partida urriaren 22koa (20:00) izango da: Alimerka Oviedo izango du orduan ISBk arerio.

(Argazkiak: Mikel Amenabar)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide