Azpeitiko Udalak antolatuta eta Deustoko Unibertsitatearekin lankidetzan, literatura, arte eta historia ikastaroa eskainiko dute urritik ekainera Basazabaleko formazio zentroan. Udalak azaldu duenez, Azpeitiko Helduen Hezkuntza Eskolan sortu zen literatura, arte eta historiako taldea, irakurketa talde moduan, baina hango eskaintza "bertan behera geratu ostean", gaur egun Azpeitiko Udalak antolatzen du ikastaroa.
Urriaren 7an hasiko dira literatura, arte eta historia ikastaroko saioak, baina aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Hori dela eta, ikastaroan interesa dutenek ostegunetik, hilak 12, irailaren 20ra bitarte izen-ematea egin beharko dute Azpeitiko Udaleko Hezkuntza sailean. Bertan aurkeztu beharko dituzte inprimakia eta ordainagiria. Azpeitiarrek 40 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta Azpeititik kanpo bizi direnek, 50 euro.
Deustoko Unibertsitateko irakasleek gidatuko dute ikastaroa, eta XIX. eta XX. mendeko artea eta kultura landuko dituzte ikasleek. Urritik ekainera bitarte eskainiko dituzte saioak, astelehenetan, 17:00etatik 19:00etara.
Ikastaroaren bidez "pertsonen ahalduntzea aktibatu" nahi du udalak. Erakundeak azaldu duenez, "helduen prestakuntza eta aisialdiko esperientziak berrikuntza sozialeko, garapen pertsonaleko eta hobekuntza komunitarioko prozesuak sortzen dituzten gune bihurtzen dira".