Ekitaldia egingo du Sortuk irailaren 29an Azpeitian, "nazio bulkada hauspotzen jarraitzeko"

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 10a, 17:42

Txiki eta Otaegiren oroimenez 2023ko Gudari Eguneko ekitaldia, Zarautzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Txikiren eta Otaegiren fusilamenduaren 49. urteurrenaren testuinguruan egingo dute ekitaldia.  "Frankismoak akabatu nahi izan zuen proiektu politikoa inoiz baino biziago eta indartsuago" dagoela aldarrikatuko du Sortuk Soreasun. Irrintzi bat dabil leloa aukeratu dute aurtengo ekitaldirako. 

Irailaren 27an 49 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi eta Juan Paredes Manot Txiki fusilatu zituela. Urtemuga horren testuinguruan, nazio ekitaldia egingo du Sortuk Azpeitian, "proiektu politikoa berretsi eta nazio bulkada hauspotzen jarraitzeko". Soreasu antzokian egingo dute ekitaldia hilaren 29an (12:30) Irrintzi bat dabil lelo hartuta.

"Frankismoak akabatu nahi izan zuen proiektu politikoa inoiz baino biziago eta indartsuago dagoela aldarrikatzeko" probestuko dute irailaren 29ko ekitaldia; izan ere, Sortuk adierazi duenez, "Txiki eta Otaegiren askatasun ametsak eta irrintziak bizirik dirau; areago, inoiz baino indartsuago dabil", eta hori gizarteratuko dute Azpeitiko ekitaldian. Era berean, "ezker independentismoaren komunitatea biltzea, Euskal Herriaren askatasuna helburu duen proiektu politikoa berrestea, eta ikasturteko erronketarako indarrak hartzea" izango dute xede. 

"Ezker independentismoa eta haren proiektua geroz eta indartsuagoa" dela nabarmendu du Sortuk, eta horren adierazle gisa aipatu ditu hainbat gertakari: "Iazko udazkenean eta udaberrian izandako askotariko herri aldarrikapen eta mobilizazioak, EH Bilduk eta EH Baik lortutako babesa eta hauteskunde emaitzak, Euskal Herriak ultraeskuinari ateak itxi izana...".

Ikasturte berrirako erronkak ere aipatu ditu Sortuk. Helduburu nagusien artean dute "bizitzak erdigunean izango dituen Euskal Herri aske baterako bidean urratsak ematea", horretarako, besteak beste, "nazio bulkada eta bulkada soziala hauspotuz, herrigintzan arituz nahiz balioen eraldaketa bultzatuz eta ezker independentismoa indartuz".

Irailaren 27an, Gudari Egunez, bestelako ekitaldiak ere izango dira Euskal Herriko hainbat txokotan.

Kartelaren artea eta aldarria

Azken urteetan euskal artisten lanak hartu ditu Sortuk nazio ekitaldien kartelen oinarri, eta bide beretik egin du aurtengoa.Taxio Ardanaz artista iruindarrak egin du Azpeitiko nazio ekitaldiko kartela, Telesforo Monzonek idatzitako Batasuna abestiaren letrari tiraka. Sortuk azaldu duenez, indarra eta helburuak lortzen jarraitzeko gogoa erakutsi nahi izan dute kartelean: "Irrintzia gogo-aldarte baten adierazpena da, eta ezker independentismoaren gogo-aldarte kolektiboa honelakoa da: pozik gaude, indartsu gaude eta borrokan segitzeko prest gaude, gure helburuak lortu arte. Hori jasotzen du kartelak".

Era berean, eskuak ikus daitezke afixean, zabalik dauden eskuak. Ukabil itxiaren iruditik harago, "eskuzabaltasuna" edo "babesa" bezalako ideiak irudikatzeko asmoz aukeratu dituzte elementuok, militanteek egiten duten lanari erreferentzia eginez. "Gure proiektu politikoak milaka militanteren esku irekiei esker egin du aurrera, borroka eta amets berak elkartu dituen esku horiei esker. Horrela irudikatu du Ardanazek kartelean", azaldu du Sortuk. 

Honako hau da Taxio Ardanazek egindako afixa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide