Oraindik badaude sarrerak Porrotx eta Marimototsen igandeko emanaldietarako

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 11a, 10:21

Kilometroak 2024 lantaldeak eta Kulturazek elkarlanean antolatu dute hitzordua. Ez gara jaitsiko! ikuskizunaren bi emanaldi eskainiko dituzte, bata 16:00etan eta bestea 18:30ean. Ikuskizunerako sarrerak eskuragai daude oraindik Kulturaz.eus webgunean. 

Kilometroak 2024ren hurrengo izpiak datorren asteburuan iritsiko dira Azpeitira; izan ere, Ikastolen aldeko festaren bueltan, Ez gara jaitsiko! ikuskizuna eskainiko dute Porrotx eta Marimotots pailazoek igandean Soreasun. Bi emanaldi izango dira: bata 16:00etan eta bestea 18:30ean. Ikuskizunerako sarrerak eskuragai daude oraindik Kulturaz.eus webgunean. Saioa Kulturazekin elkarlanean antolatu du Kilometroak 2024ko lantaldeak.

Ez gara jaitsiko! ikuskizunean Marimotots zuhaitz baten adaburura igoko da, han goitik Lurra hobeto ikusteko. Porrotxek atzetik jarraituko dio hari, eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara iritsiko dira.

Urriaren 6an izango da Gipuzkoako Ikastolen jaia Azpeitian, Ikasberri ikastolak antolatuta. Jaia antolatzeko lekukoa Azpeitiko ikastolak hartu zuenetik, Izpiz izpi lelopean, hamaika ekitaldi egin ditu herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, hiru ardatz helburu hartuta: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide