Osasuna eta hizkuntza izango dituzte hizpide bihar

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 12a, 09:30

Osasuna eta hizkuntza VII: hizkuntza eskakizunez harago izeneko jardunaldia eskainiko dute bihar Azoka Plazako lehen solairuko aretoan, EHUren Uda Ikastaroen barruan. Matrikula irekita dago, baina azpeitiarrek ez dute matrikula ordaindu beharrik izango.

Bihar, Azpeitiko Azoka Plazako lehen solairuko aretoan, Osasuna eta hizkuntza VII: hizkuntza eskakizunez harago jardunaldia egingo dute, EHUren Udako Ikastaroen barruan, 09:00etan hasita.

EHUren Farmazia Fakultateko irakaslea eta Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Jon Zarate eta Aramaioko (Araba) familia mediku Aitor Montes dira ikastaroaren zuzendariak, eta hiru helburu nagusi bete nahi dituzte jardunaldiarekin: osasun arloko hizkuntza plangintzaz eztabaidatzea; hizkuntza eskakizunez harago osasungintzan euskararen erabileraren determinatzaile diren beste zenbait gako mahai gainean jartzea; eta Euskal Herritik kanpo hizkuntza eskakizunez harago duten begiradaren adibideak azaltzea.

Horretarako, bederatzi gonbidatuk parte hartuko dute biharko hitzaldietan eta mahai inguruan, sarrerako hitzartzean ikastaroaren bi zuzendariekin batera hitza hartuko duen Martin Aramendi UEMAko presidenteaz gain. Gonbidatu horien artean daude Osakidetzako hainbat langile edo arduradun, tartean Gontzal Lopez Euskara zerbitzuburua. Bestalde, Katalunian, Kurdistanen edo Palestinan osasungintzan hizkuntzen erabilera zertan den azalduko duten espezialistak ere izango dira jardunaldian.

09:15etik 17:00etara, hizkuntza eskakizunen dekretu berriak osasungintzan duen eragina, Osakidetzako hizkuntza plangintza, eta osasun arreta euskaraz jasotzeari buruzko pertzepzioez EHUko Medikuntza graduan egin duten ebaluazioa izango dituzte hizpide, besteak beste, ikastaroan. Jardunaldiko mahai inguruan, berriz, Lan eskubidea vs hizkuntza eskubidea, eta kalitatezko osasun arreta? Eztabaida sindikal-instituzional-soziala gaiaren bueltan ariko dira solasean Pello Igeregi ELA sindikatuko Euskara arduraduna eta Irati Irazabal Osakidetzako erizaina.

Azpeitiarrek doan

Gaian interesa duen herritar orok eman dezake izena ikastaroan. Azpeitiko Udalak jardunaldian parte hartzera animatu nahi izan ditu herritar guztiak, eta azpeitiarrek matrikula doan izango dutela adierazi du. Horretarako, ailarranaga@azpeitia.eus helbidera idatzi behar dute, ondorengo datu hauek zehaztuz: izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, posta elektronikoa eta lanbidea/erakundea.

Bihar Azpeitian egingo duten jardunaldiaren gaineko xehetasun guztiak zein matrikulatzeko eman beharreko pausoak UIKen webgunean daude zehaztuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide