Bart Bilboko Santutxu auzoan izandako hilketa matxista salatu du Azpeitiko Udalak. Hildakoaren senitarteko zein gertukoei "elkartasuna" adierazteaz gain, hilketa salatzeko mugimendu feministak antola ditzakeen mobilizazioekin bat egiten duela jakinarazi du erakundeak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hildakoaren bikotekidea da hiltzailea. 00:20 inguruan izan da hilketa, bikotea bizi zen etxebizitzan. Etxean entzuten ziren oihuek ohartarazita deitu dute bizilagunek larrialdi zerbitzuetara. Zerbitzuok emakumea arma zuriz zaurituta aurkitu dute, eta lekuan bertan hil da zauri horien eraginez. 31 urte zituen.
Azpeitiko Udalaren hitzetan, "hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizon eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea". Hori dela eta, Azpeitiko Udalak "giza eskubideen urraketarik" onartuko ez duela adierazi du, "ez Azpeitian, ez beste inon ". Horrez gain, "urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea herritarron ardura" dela azaldu du erakundeak.
Bestalde, hainbat ekimenen bitartez eta gainerako erakunde publikoekin batera "berdintasuna landuz indarkeriaren kontra lanean" jarraituko duela azpimarratu du.
Era berean, erasoren bat jasanez gero laguntza jasotzeko telefonoak zeintzuk diren gogorarazi du erakundeak:
- Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13
- Larrialdi Zerbitzuak: 112
- Gizarte Zerbitzuak: 943-15 71 92
- Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00