Azpeitiko Udal Liburutegiak urtea bukatu bitartean egingo dituen hainbat ekintzaren berri eman du, hala nola literatura solasaldiak Pako Aristi idazleak gidatuta, irakurketa kluba 3 eta 5 urte arteko haurrentzat eta familientzat, irakurleen txokoa LH3tik LH6ra arteko haur eta gaztetxoentzat, eskulan tailerrak HH5etik LH2rakoentzat eta ipuin kontaketak HH4tik LH2ra arteko haurrentzat.
Zenbait kasutan, saioaren aurretik eman beharko da parte hartzeko izena liburutegian bertan. LH3tik LH6ra artekoentzako irakurketa klubean parte hartzeko, ordea, irailaren 16tik (bihar) 28ra artean eman behar da izena. Eta, 3-5 urte arteko haurrentzako eta familientzako irakurketa klubean irailaren 23tik urriaren 4ra arte egongo da izena emateko aukera.
Solasaldiak eta saioak:
- LH3tik LH6ra arteko haur eta gaztetxoentzako irakurleen txokoa. Elkarrekin irakurriko dute, edota norbera etxean irakurrita joango da. Hainbat dinamika egingo dituzte, irakurriz, entzunez edota jolastuz. Helburua izango dute ikuspegi kritikoa lantzea eta irakurketaz gozatzea.
Urritik maiatzera artean, hilabetean behin (bigarren asteazkenetan) egingo dituzte saioak, 17:30etik 19:00ak arte. Aurreneko hiru saioak urriaren 9an, azaroaren 3an eta abenduaren 11n dira.
Izena emateko epea irailaren 16tik irailaren 28ra artekoa da. Izena eman daiteke liburutegira joanda, 943-15 71 95 telefono zenbakira deituta edota 688 81 55 06 zenbakira Whatsapp mezua bidalita. Horretarako, haurraren izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia eta liburutegiko bazkide zenbakia adierazi behar dira.
- 3-5 urteko haurrentzat eta familientzat irakurketa kluba. Maria Garcia Ladero izango da dinamizatzailea. Haurrek eta beren familietako kideek, Euskal haur literatura abiapuntu hartuta, irakurketa saioetan parte hartuko dute. Helburua da ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin elkarrekin ondo pasatzea eta gurasoak prestatzea. Haur bakoitzak guraso edota heldu batekin parte hartu beharko du saioetan.
Hiru saiok osatutako tailerra da, eta izena ematen dutenek hiru saioetan parte hartzeko konpromisoa hartu behar dute. Urritik abendura bitartean, hilabetean behingo astelehenetan, 17:30etik 18:30era izango dira saioak liburutegian bertan. Saioen egunak honakoak dira: urriak 14, azaroak 4 eta abenduak 2.
Izena emateko epea irailaren 23tik urriaren 4ra artekoa da. Plazak mugatuak dira, eta pertsona gehiagok izena ematen badute zozketa bidez erabakiko dute. Izena emateko liburutegira joan behar da, 943-15 71 95 telefono zenbakira deitu edota 688 81 55 06 zenbakira Whatsapp mezua bidali.
- Literatura solasaldia helduentzat, Pako Aristi idazleak dinamizatuta. Hiru hiletik behin egiten dute saioa, astearteetan, 18:00etan. Solasaldirako liburua liburutegian bertan eskuratu daiteke. Ez da beharrezkoa ikasturte osorako izena ematea, saio bakoitzerako izena aldez aurretik liburutegian emanda nahikoa da.
Hurrengo saioak honakoak dira: urriaren 22an, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria eleberriaz arituko dira, eta idazleak berak ere parte hartuko du saioan. Abenduaren 3an, berriz, Patxi Zubizarretaren Loak ezkutatzen duena eleberria landuko dute.
- HH4tik LH2ko haurrentzat ipuin kontaketa saioak. Kontaketak adinaren arabera antolatzen dituzte, eta saioetan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena liburutegian. Saioak 17:30ean izaten dira, liburutegian bertan.
Honakoak dira antolatu dituzten ipuin kontaketa saioak: urriaren 7an, HH4ko haurrentzat, Miriam Mendoza kontalariarekin; urriaren 21ean, HH5ekoentzat, Amaia Elizagoien kontalariarekin; azaroaren 18an, LH1-LH2koentzat, Maitane Perez kontalariarekin; eta, abenduaren 2an, HH4koentzat, Iñigito kontalariarekin.
- HH5-LH2koentzat eskulan tailerrak. Haurren sormena, irudimena, ikuspegia eta arreta lantzeko asmoarekin antolatzen dituzte tailerrak. Adinaren arabera egiten dituzte, eta hilabetean behin, 17:30ean, liburutegian. Plazak mugatuak izaten dira, eta izena saio bakoitzaren aurretik eman behar izaten da liburutegian bertan. Jende gehiagok izena ematen duen kasuetan, zozketa bidez erabakitzen dituzte parte hartzaileak.
Eskulan tailerretako saioak honakoak dira: urriaren 28an, HH5eko haurrei zuzenduta; azaroaren 19an, LH1ekoentzako; eta, abenduaren 18an, LH2koentzat.