Egun handia da gaur Leire Ibar, Mirian Garagartza, Ainhoa Segurola eta Amane Jimenez arraunlarientzat. Izan ere, Zumaiako Telmo Deun traineruarekin Euskotren ligara igotzea lortu dute. Gaur Portugaleteko (Bizkaia) itsasadarrean berriro ere sekulako estropada egin dute Zumaiakoek. Atzo Astillero gailendu zitzaion Zumaiari ehuneneko batzuengatik, eta gaur gauza bera gertatu da. Chapelak ere sekulako estropada egin du, ordea, eta Zumaiako trainerukoek dena eman behar izan dute haien aurretik helmugaratzeko. Azkenean, bi segundoko errenta atera die Zumaiak Chapelari, eta bigarren postua poltsikoratu dute, datorren urtean Euskotren ligan aritzea lortuz.
Atzoko eta gaurko bi estropadak kontuan hartuta, Astillerok zortzi puntu eskuratu ditu, Zumaiak sei, Chapelak lau, eta Cabok bi. Beraz, datorren urtean Euskotrenen ariko da Astillero ere, Zumaiarekin batera.
Harrera iluntzean Zumaian
Denboraldi amaieran talde guztiek ohi duten bezala, Zumaiako trainerukoek ere elkarrekin bazkalduko dute gaur, eta iluntzean, Zumaian merezitako harrera egingo diete. 19:00etan da hitzordua Kofradian.
2015ean jokatu zuen Euskotren ligan azkenekoz Zumaiak. Ondoren, trainerurik atera ezinda gelditu ziren, eta 2019an heldu zioten berriz lehiari, ETE ligan. Ordutik aritu dira Euskotren ligara igotzeko lehian, eta hainbatetan jokatu dituzte play-offak ere.