Eduki babestua. KLINK ekintzailetza

Iker Korta: "Lana ondo egitea da helburua, horrek ekarriko baitu ikasleak gustura egotea, eta lanean jarraitu ahal izatea urte luzez"

Erredakzioa 2024ko ira. 26a, 17:10

Iker Korta IKKO akademian.

Ikasturte hasierarekin batera, irailaren 16an zabaldu zituen ateak IKKO akademiak Azkoitiko Klara Donea kaleko 21. zenbakian. Gogoz ekin dio Iker Kortak Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko eskolak emateari. Hasiera onari jarraipena eman nahi dio azkoitiarrak.

Nola izan zen IKKO akademia sortzeko prozesua?

Azken bi ikasturteak errefortzuko klaseak eskaintzen ibili naiz nire kontura, eta hor ohartu nintzen herrian bazegoela eskaera edo beharra. Horri gehitu behar zaio, iazko ikasturtean Job akademiak ateak itxi zituela. Hala, behar hori areagotu egin zela esan daiteke, eta hor hasi nintzen neure akademia propioa sortzeko ideiarekin, etxean egiten nuen hura, gune batean eskainiz, profesionalizatuz.

Nola garatu zenuen ideia hori ondoren?

Ideia buruan izanda, Iraurgi Berritzen agentziara jo nuen. Bertako langileekin egin nuen bideragarritasun plana, ideia egia bihurtzea aukera zen edo ez jakiteko. Izugarrizko laguntza jaso nuen, asko dakite, eta posible zela ikusita, aurrera jotzea erabaki nuen. Hala, lokala hartzeko prozesuarekin hasi nintzen.

Zer ikasi duzu prozesu horretatik?

Prozesua, orokorrean, nahiko erraza izan da. Egia da, ordea, nire ikasketetan ekonomia edota gisako ikasgairik ez dudala izan, eta izapide arloa mundu berri bat izan da niretzat.

Hori izan al da oztopo edo beldur nagusiena?

Bai, dudarik gabe. Fakturak egin, bidali, kontratuak… gauza berriak dira niretzat, eta mundu berri horrek eman dit beldurra.

Hasi besterik ez zara egin, baina zer moduz?

Oso gustura nago, izan ere, Iraurgi Berritzen agentziarekin egin nuen bideragarritasun plan horretan zenbaki batzuk, hau da, ikasle kopuru bat behar nuen, eta ikasturtea hasterako igarota nuen kopuru hori. Beraz, oso pozik nago.

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Abantaila nagusia ordutegi aldetik dudan malgutasuna dela esango nuke. Nire kasuan, eskolak emateaz gain, areto futbolean aritzen naiz, eta ordutegi malgutasun horrek lana amaitu eta entrenamendura joateko aukera eskaintzen dit. Ostiraletan, adibidez, 20:00etan amaitu beharrean, 18:00etan amaitu dezaket. Neure buruaren nagusia izateak, ordea, badu txanponaren beste aldea: eskolak amaitu eta nire lanak ez direla bukatu. Beste hamaika gauza ditut egiteko: komuneko papera amaitu dela eta erostera joan, galdara matxuratu dela eta teknikariari deitzea… Horrek guztiak lan eremutik deskonektatzeko zailtasunak ematen ditu, baina denbora aurrera joan ahala, dena hobeto eramateko gai izango naizela espero dut.

"Lanetik irtetean garbi izan behar duzu beste gauza batzuk ere badituzula egiteko, eta horiek egin behar dituzula, bai edo bai"

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Diziplina esango nuke. Eta aurreko erantzunarekin jarraipena eginez, ez duzu inor zure gainetik zer egin behar duzun esanez. Horregatik, lanetik irtetean garbi izan behar duzu beste gauza batzuk ere badituzula egiteko, eta horiek egin behar dituzula, bai edo bai.

Zein aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Aholku garrantzitsuena, bere proiektu edo ideia horrekin sinestea izango zen, konfiantza osoa izatea. Azkenean, bakoitzak eskaintzen duen zerbitzuarekin ez badu konfiantzarik, transmititu egiten da. Lan horretan ez baduzu sinesten, transmititu egiten da, eta horrek jendea erakartzea eragozten du. Beste aholku bat ere emango nioke, proiektu baten hasieran normala dela galduta sentitzea, eta horregatik jo dezala Iraurgi Berritzen bezalako agentzia batera. Azkoitia eta Azpeitia bezalako herrientzako ikaragarrizko zerbitzua da, eta laguntza handia eskaintzen dute.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Orain bertan, dudan joera mantentzea nahi dut, izen-emate eta ikasle kopuru aldetik behintzat. Lana ondo egitea da helburua, horrek ekarriko baitu ikasleak gustura egotea, eta lanean jarraitu ahal izatea urte luzez.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide