Magia eguna izatetik, egun magikoak sortzera igaro da Txisteratik. Horrela diote egitasmoaren zortzigarren aldia badatorrela iragatzen duten kartelek. Badira pare bat aste herriko kaleetan afixak zintzilikatu zituztela, baina gaur jakinarazi dituzte Txisteratiken zortzigarren edizioaren inguruko xehetasun guztiak Kulturaz kooperatibako Garazi Lazkanok, Azpeitiko Udaleko Kultur batzordeburu Aitor Larrañagak eta Iago Azkue mago eta antolatzaileak.
Sanagustin kulturgunean egin dute aurkezpena, eta hara bertaratzerako magia trikimailu bat egiten ari zen Iagomago. Amaitzean, labur azaldu du Aitor Larrañagak zer den Txisteratik: "Hauxe da Txisteratik, aho zabalik gelditzea eta aldi berean disfrutatzea". Irailaren 27an eta 28an iritsiko da magia Azpeitira beste urte batez, eta Larrañagak azaldu bezala, "magiaz beteko dira herriko txokoak". Kultura batzordeburuaren aburuz, Azpeitiko kultur egutegian finkatutako hitzordua da, eta "giro berezia eta saltsa polita" sortzen dira Txisteratiken bueltan. Horregatik, eskerrak eman dizkie Txisteratik sortu zutenei eta gaur egun bizirik mantentzeko lan egiten dutenei.
Osagai berriak eta mago gazteak
Zortzigarren Txisteratik magoen elkargunea eta erakusleihoa izango da, magia eskaintzeko ez ezik, elkarrekin ikasteko aukera ere izango dutelako; izan ere, urteroko errezetari osagai berriak gehitu dizkiote aurten, eta tartean izango da magoei zuzendutako konferentzia berezi bat. Gainera, mago gazteek presentzia nabarmena izango dute. Era berean, azken urteetako edizioetan ateratako argazkiak jarriko dituzte erakusgai Sanagustin kulturgunean. Bihar zabalduko dute erakusketa.
Irailaren 27an, ostiralez, ekingo diote egitarauari. Hain zuzen, 18:00etan hasita, gertuko magiaren gala eskainiko dute Dinamoa sormen gunean. Julen Magoak gidatuko du saioa, eta bertan parte hartuko dute Euskal Herriko eta Espainiako magoek: Maria Arandiak, Xabi Magoak, Rubi Ferezek eta Juan Capillak. Lau magoek elkarrekin eskainiko dute ikuskizuna, eta gertuko magia egingo dute. Ikusleek "bertatik bertara" jarraitu ahal izango dute emanaldia, gertuko magiaren xarmaz gozatzeko.
"Rubi eta Juan gazteak dira, eta oso onak. Biek lortu dituzte sari garrantzitsuak eta munduan zehar dabiltza beren ikuskizunak eskaintzen"
Ferez eta Capilla dira Txisteratik egitasmoaren zortzigarren aldiko gonbidatu bereziak, eta horiek eskainiko dute magoei zuzendutako konferentzia hilaren 27an. Azkuek azaldu duenez, gaur egungo magiaren munduan punta-puntako artistak dira bi espainiar gazteak: "Gazteak dira, eta oso onak. Biek lortu dituzte sari garrantzitsuak eta munduan zehar dabiltza beren ikuskizunak eskaintzen". Dinamoan egingo dute konferentzia, eta magoek soilik izango dute bertaratzeko aukera. "Magia ikusteko eta ulertzeko moduaz" ariko dira, besteak beste. Azkuek azaldu duenez, Euskal Herriko hainbat mago gonbidatu dituzte solasaldira, eta hamar inguruk dagoeneko baieztatu dute asistentzia. Horiek Azpeitian izango dira larunbateko magia poteoan.
Irailaren 28an, magia poteoa edo kaleko magia eta gala nagusia izango dira Azpeitian. Aurtengo magia poteoa berezia izango dela aurreikusten du Azkuek: "Agian ez da orain arteko potenteena izango, baina baliteke bereziena izatea, gonbidatutako mago askok parte hartuko baitute bertan". 12:00etan hasiko dira kaleko magiarekin Alde Zaharrean barrena.
Gala nagusian ere emanaldi bereziak ikusi ahal izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Oholtzan ariko dira Rubi Ferez eta Juan Capilla, baita Eneko Gutierrez eta Potx Magoa ere. "Potx-ek eta Gutierrezek magia komiko eta freskoa eskainiko dute; Capillak emanaldi ikusgarria eskainiko du eta Rubik mundu mailan saritutako ikuskizuna", aurreratu du Azkuek. Iagomago bera arduratuko da gala zuzentzeaz, eta trikimailuren bat edo beste ere egingo du. Aurreko urteetan bezala, Soreasu antzokian egingo dute gala nagusia, 19:00etan hasita.
Sarrerak, eskuragarri
Lazkanok gogoratu du dagoeneko salgai daudela gertuko magiaren galarako nahiz gala nagusirako sarrerak kulturaz.eus webgunean; 8 eurotan salduko dituzte hilaren 27ko emanaldikoak, eta 10 eurotan gala nagusikoak.
Dinamoa sormen gunean egingo duten gertuko magiaren galara joan nahi dutenek kontuan hartu behar dute ikuskizun horretan ikusleentzako tokia mugatuta egongo dela. Gehienez 45-50 ikusle elkartu ahal izango dira sormen guneko gorputzaren eremuko espazioan.