Asteburu eskasa izan da Lagun Onakentzat

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 16a, 17:43

Emakumeek 1-3 galdu dute Amaikak Baten kontra denboraldiaurreko azken lagunartekoa. Gizonek, berriz, 1-0 galdu dute Alavesen kontra ligako bigarren jardunaldia. Gainera, gizonen taldeko bi jokalarik min hartu dute.

Ez da asteburu ona izan Lagun Onakeko gizonen eta emakumeen lehen taldeentzat. Jose Luis Riberak entrenatzen duen taldeak Espainiako Hirugarren mailako bigarren jardunaldiari zegokion partida jokatu zuten larunbatean Gasteizko Ibaia futbol zelaian, Alaves B taldearen kontra, eta 1-0 eginda, punturik gabe bueltatu ziren etxera. Eta bada porrota baino okerragorik, Lagun Onakeko bi jokalarik min hartu baitzuten lehen zatian. Berdinketarekin bukatzeko moduko partida izan zen larunbatekoa, bi taldeetako inork ez baitzuen nagusitasunik erakutsi, baina norgehiagoka bukatzeko hogei minuturen faltan, gola sartu zuten etxekoak. Ordutik aurrerakoa ordulariaren zein epailearen aurkako borroka izan zen Azpeitiko taldearentzat, baina ahaleginak eginagatik, ez zuten aurkariaren atea zulatzerik lortu.

Emakumeek, berriz, ostiral arratsaldean jokatu zuten denboraldiaurreko azken lagunartekoa, etxean, Amaikak Baten kontra, eta haiek ere ezin izan zituzten bisitariak mendean hartu. Lehenengo zatian kontrarioen zelai erdiaren jabe izan ziren Lagun Onakekoak eta gol aukera batzuk ere izan zituzten, nahiz eta bakarra sartu, Elene Alonsok area kanpotik eginiko jaurtiketa eder batean, hamargaarren minutuan. Lehen zatia bukatzean zela berdindu zuten partida Debakoek, eta bigarren zatian gehiago izan ziren, eta azkenean, hamar minutuan bi gol jasota, 1-3 galdu zuten etxekoek.

(Argazkiak: Lagun Onak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide