Pirritx, Porrotx eta Marimototsen eskutik pago landarea jaso dute Kilometroak 2024ren antolatzaileek

Nerea Uranga 2024ko ira. 17a, 10:08

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen Ez gara jaitsiko! ikuskizunaren bi emanaldi izan dira Soreasun, Kulturazek antolatuta. Bertan, pailazo taldearen eskutik pago landare bat jaso dute urriaren 6an Azpeitian egingo den Kilometroak 2024ren antolatzaile taldekoek.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak Ez gara jaitsiko! ikuskizunaren bi emanaldi eskaini zituen igandean, Soreasu antzokian. Pailazo taldearen saioa Kilometroak 2024ko lantaldeak antolatu zuen, Kulturazekin elkarlanean.

Emanaldiari lotuta, pailazo taldearen eskutik pago landare bat jaso zuten Kilometroak 2024ren antolatzaile taldekoek, eta adierazi zuten "herrian landatuko" dutela. Pailazo taldeak Kulturaz ere eskertu zuen, ikuskizunaren bi emanaldi antolatzeagatik.

Urriaren 6an izango da Gipuzkoako Ikastolen jaia Azpeitian, Ikasberri ikastolak antolatuta. Jaia antolatzeko lekukoa Azpeitiko ikastolak hartu zuenetik, Izpiz izpi lelopean, hainbat ekitaldi egin ditu herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, hiru ardatz helburu hartuta: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak "balio horiekin erabat bat" egiten duela adierazi dute Kilometroen antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide